Seme-alabei drogen arloan laguntzea

Prebentzio programak 2014ko aza. 28a, 06:00

Gaurkoan, familiek eta babes faktoreek gure seme-alabengan duten eraginaz arituko gara, drogen alderditik ikusita. Familiak kontsumoen aurrean kontuan izan ditzaketen gomendioak ere aipatuko ditugu.
Badakigu, familiaren eragina oso garrantzitsua dela seme-alabengan, baina ez da bakarra (lagunak, gizartea...). Hori dela eta, garrantzitsua da jakitea zer egin dezakegun etxean drogen prebentzioa sustatzeko eta seme-alaben inguruko eragin negatiboak ahalik eta gehien neutralizatzeko.

Nerabe batek arrazoi desberdinengatik har ditzake drogak: lotsa gainditzeagatik, helduago sentitzeagatik, beren autonomia sendotzeagatik, gau osoa dantzan aritzeagatik, lagunen aurrean irudi zehatza sorrarazteagatik, arazoak ahazteagatik…

Ikusita, beraz, gazte batzuek kontsumitzen dutela, zer egin dezakegu drogen kontsumoaren eragin negatiboak gutxitzeko edo desagerrarazteko?

Familia barruan seme-alabak drogen aurrean indartsu eginen dituzten babes faktoreak landu ahal ditugu.

Beren garapen momentuan, haur eta nerabeek osasun eta ongizate iturri diren aukeraz eta esperientziez betetako bidea egiten dute, baina beren garapena arriskuan jar dezaketen zenbait oztopo aurkitu ditzakete, drogak adibidez. Bidaia horretan, nerabe batzuek ibilgailu potenteak gidatzen dituzte, pneumatiko on eta airbag-arekin. Beste batzuek, ordea, ibilgailu zahar eta hondatzen errazak direnak erabiltzen dituzte.  

Gure seme-alabengan, babes faktoreak ibilgailu horretako segurtasun elementuak bezalakoak dira.

Horiekin gainditu beharreko arriskuak behar bezala kudeatzeko aukera handiagoak izango dituzte.

Frogatu denez, babes faktore asko dituzten nerabeak drogek ez dituzte horrenbeste erakartzen eta, nahiz eta drogak probatu, haiekin arazoak izateko aukera gutxiago izaten dituzte.

Babes faktore nagusiak honako hauek dira:
- Famili giro ona.
- Autoestimua eta norbere buruarekiko konfiantza izatea.
- Aisialdi aukerak.
- Gizarte gaitasunak.
- Gustura egotea eskolan edo institutuan.
- …
Familiak hezteko estilo indargarri eta positiboa gomendatzen da drogetatik babesteko elementu garrantzitsua dela frogatu baita. Adibidez:
- Seme-alabei denbora eskaini.
- Egiten dutenarekiko interesa agertzea eta beren ingurunean parte hartu.
- Baldintzarik gabeko maitasuna eta babesa eman, baina garbi utziz denak ez duela balio.
- Arau eta muga egokiak ezarri.
- Seme-alabekin eraginkortasunez komunikatu.
- Seme-alabekin drogei buruz hitz egin.