Sakanako kirolari onenek euren saria jasoko dute gaur

Guaixe 2014ko abe. 12a, 13:35
2011-2012an kirolari onenen saria jaso zuten sakandarrak.

Joanes Bakaikoa, Maialen Aramendia, Aritz Munarriz, Sara Lizarraga, Javi Moreno, Mari Gwen Davies, Sakanako Irristaketa Taldea, Andra Mari ikastolako herri kirol taldea, Luis Martil eta Ricardo Lopez de Sabando dira sarituak. Arruazuko ostatuak hartuko du ekitaldia, gaur, 20:00etan

Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak bi urtetik behin ematen ditu kirolari onenen sariak. Gaur, abenduaren 12an, 2013 eta 2014ko Sakanako kirolari onenen sariak banatuko dituzte, 20:00etan, Arruazuko herriaren etxean eginen den ekitaldian.

Epaimahaiak nahikoa lan izan du kirolari onenak nortzuk diren erabakitzerakoan, Sakanan puntako kirolari ugari daudelako. Azkenean, Joanes Bakaikoa pilotaria, Maialen Aramendia txirrindularia, Aritz Munarriz mendi korrikalaria, Sara Lizarraga borrokalaria, Javi Moreno korrikalaria, Mari Gwen Davies korrikalaria, Sakanako Irristaketa Taldea eta Andra Mari ikastolako herri kirol taldea dira talde aukeratuak, eta Luis Martil eta Ricardo Lopez de Sabando aipamen bereziak, karatea eta pilota sustatzeko egin duten lanagatik. Gaur jasoko dute saria.

Ekitaldia Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako Kirol Asteburuaren barruan kokatzen da. Gaur 2013-2014ko Sakanako kirolaririk onenak sarituko dira, bihar Sakanako Xake Txapelketa jokatuko da Arruazun eta, igandean, Sakanako Herri Kirol Jardunaldia hartuko du Bakaikuk.