ETB ikusteko eskaera egin dute

Guaixe 2014ko abe. 16a, 09:08

Altsasuar talde baten ekimenez, gaur, Nafarroako Parlamentuko Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Erlazioak Batzordean LTD bidez ETBren emanaldien kaptazioari buruzko mozioa eztabaidatu eta bozkatuko da.

Euskarazko telebista ikusteko sistema analogikoa dugu gaur egun eta bi telebista aldagailu erabili behar izaten dira. Baina telefonia mugikorrerako espazioa uzteko eta emanaldi analogikoak eteteko agindua eman dute Europatik. 2015erako izanen da itzalaldi analogikoa. Eta ilbeltzaren 1etik aurrera Sakanan euskarazko telebista ikusterik ez da izanen.  

ETBren emanaldiengatik kezka duen altsasuar talde bat azaro hasieran Nafarroako Parlamentuko alderdiekin batzartu eta bere ezinegona jakinarazi zien. Aldi berean, alderdiei mozio zirriborro bat aurkeztu zieten. Nafarroako Gobernuak herrialde guztian ETB ikustea bermatzea nahi dute altsasuarrek. Haien eskaera bere egin dute PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, I-Ek eta Geroa Baik.

Ez da lehen aldia altsasuar talde hori administraziora jotzen duena ETB kaptazioa bermatzeko eskatuz. Udaberri akaberan Sakanako Mankomunitatean mozioa aurkeztu eta onartu egin zen. Mank-en bidez Nafarroako toki erakunde guztietara zabaldu zen mozioa eta hainbat izan dira hari babesa eman diotenak.

Bestalde, gogora ekarri dute 2010ean Altsasun 1.102 sinadura jaso zirela ETB ikusi ahal izateko. Orduko hartan Acció Cultural del País Valencià erakundeak Herri Ekimen Legegilea sustatu zuen. 559.756 sinaduraren babesarekin eraman zen ekimena Espainiako Parlamentura.

Babesa
Altsasuar taldearen ustez Nafarroako Gobernuak nahikoa lege babes badu euskarazko telebistaren emanaldiak herrialdean zabaltzeko. Alde batetik, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna (11.2 artikulua) eta Vascuencearen Legea (27. eta 28. artikuluak). Gainera, Nafarroako Parlamentuak eskatuta hala Nafarroako Arartekoak 2010eko otsailean egindako Elebitasuna eta herritarren hizkuntza eskubideen egoera txostenean jasotzen den 12. iradokizuna beteko luke. Nafarroako Parlamentuak behin baino gehiagotan eskatu dio Nafarroako Gobernuari ETB ikusteko bermea eman dezala. Pasa den urteko lastailaren 25ean izan zen azkenetako bat.

Azkenik, altsasuar taldea kexu azaldu da irailaz geroztik Euskadi Irratia ezin delako entzun edo oso gaizki entzuten delako. Haren emanaldiak irrati formula batek bete du. Ez dakite Nafarroako Gobernuak azken lizentzia lehiaketan banatutako frekuentzia betetzen ari diren.