Zubieta Asegarcera Berasaluzerekin aritzeko eta Ezkurdia-Zabaleta atzera ere elkarrekin

Guaixe 2014ko abe. 17a, 09:29

Asteburuan hasiko da 2015eko Binakako Torneoa. Berasaluze-Zubietak Olaizola II.a-Beroiz izanen dituzte arerio eta Ezkurdia-Zabaleta Irujo-Barriolaren kontra ariko dira

Binakako I. Jardunaldia
Bengoetxea VI.a-Aretxabaleta / Artola-Albisu (ostiralean, 22:00etan, Donostian. ETB)
Berasaluze II.a-Zubieta / Olaizola II.a-Beroiz (larunbatean Iruñean).
Irujo-Barriola / Ezkurdia-Zabaleta (igandean, 17:00etan Eibarren. ETB1)
Xala-Merino II.a / Retegi Bi-Rezusta (astelehenean, Tolosan)

Gauzak azkar mugitzen dira pilotan. Igandean lau t´erdia bukatu eta gero, asteburu honetan hasiko da Binakako Txapelketa. Binakakoa asteartean aurkeztu zuten Erriberriko Marco Real upategietan. 8 bikotek hartuko dute parte, lau enpresa bakoitzeko.

Asegarce eta Aspe akordiora heldu dira eta Aitor Zubieta etxarriarra Asegarcera pasatu da txapelketak irauten duen bitartean. 5 hilabetez Asegarceko kide izango da Zubieta, Berasaluze II.arekin bikotea osatzeko. Hori izan zen asteburuan hasiko den txapelketaren ezusteko nabarmenena. “Txapelketan 16 pilotaririk onenak egon daitezen saiatu gara eta Aitorrek gurekin jokatu behar duela uste dugu, puntako atzelaria delako. Enpresen artean akordioa lortu dugu” azaldu zuen Asegarceko teknikari Ruben Belokik. Astelehenean itxi zuten akordioa.

Asperen bikoak ondokoak izango dira: Irujo-Barriola, Ezkurdia-Zabaleta, Retegi Bi-Rezusta eta Xala-Merino II.a. Asegarcekoak, hurrengoak: Berasaluze II.a-Zubieta (Binakakorako Asegarceri utzia), Olaizola II.a-Beroiz, Bengoetxea VI.a-Aretxabaleta eta Artola-Albisu.

Txapelketa luze, gogorra eta orekatua aurreikustean da. Bikoteak osatzeko moduan, hori nahi izan dute bi enpresek. Lehen fasean 14 jardunaldi jokatuko dira, eta bikote denek elkarren aurka jokatuko dute bi aldiz. Ondoren finalerdien txanda izango da. Lau bikoteek elkarren kontra jokatuko dute behin. Finala apirilaren 26an jokatzea aurreikusten da.

Hiru sakandarrak lehian
“Enpresek euren artean hitz egin dute eta akordio bat lortu dute. Ez nuen espero, baina iritzia galdetu zidatenean baiezkoa eman nuen, inolako arazorik gabe. Ni gustura nago, Pablorekin udan jokatu dudalako. Hala egokitu zaigu, eta oso esperientzia polita da” azaldu zuen Aitor Zubietak aurkezpenarekin. Etxarriarra kontentu dago Berasaluzerekin arituko delako. Asegarceko teknikari Ruben Belokiren iritziz, Zubieta eta Berasaluzerena bikoterik deigarriena da. “Aparteko bikotea osatzen dute, eta oso polita izango da Bizkaian eta Nafarroan jokatuko diren partidetarako. Zeresan handia emango dute” gaineratu zuen Belokik.

Bestalde, Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak bikote moduan errepikatuko dute. Aurreko urtean ere elkarrekin aritu ziren, eta hasieran asko kosta zitzaien txapelketan sartzea. “Urtebete gehiagoko esperientziarekin errendimendua hobetuko dutela uste dut” adierazi zuen Aspeko begirale tekniko Inaxio Errandoneak. “Zabaletak eta biok aurreko urteko esperientzia aprobetxatu behar dugu hobeto ibiltzeko” azaldu zuen Ezkurdiak. Azkenaldian elkarrekin jokatu dituzten partidetan hala dirudi. Ea zer moduz moldatzen diren sakandarrak.

Lehen jardunaldian Ezkurdiak eta Zabaletak Irujo-Barriola izanen dituzte aurkari. Eta Berasaluze II.a-Zubietak Olaizola II.a-Beroiz. Ikuskizuna hastera doa!