Gobernuari ETB ikusteko bideak aztertzeko eskatu diote

Guaixe 2014ko abe. 18a, 16:32
Nafarroako Parlamentuko batzorde baten bilera.

Altsasuar talde batek Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako mozioa da onartutakoa.

Gaur egun ETBren kanalak sistema analogikoan ikusten da, baina bi aste barru haiek bukatuko dira. Epeak betez gero, urte berriarekin euskarazko telebista ikusteko aukerarik gabe geldituko gara. Hori dela eta, kezka sortu zien altsasuar talde bati. Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) bidez ETB ikusteko berme eske Nafarroako Parlamentuko taldeengana jo zuen eta mozio proposamena proposatu zien.

Asteartean Nafarroako Parlamentuko Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Erlazioak Batzordeak gaia aztertu zuen. Parlamentuko talde guztiek aho batez onartu zuten Nafarroako Gobernuari eskatzea LTD bidez ETB Nafarroa guztian ikusteko bide berriak azter ditzala. Aldi berean, PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, I-Ek eta Geroa Baik Nafarroako Gobernuari eskatu zioten ETB Nafarroan lehenbailehen ikusteko modua bilatzeko, Dela sare analogikoa digitalizatuz edo bestelako formulen bidez. Bigarren puntu horretan UPNk “legearen markoan” testua gehitzea eskatu zuen. Gainontzeko taldeek ez zuten beharrezko ikusi, Nafarroako Gobernuaren jokabidean hori suposatzen delako.

Euskararen Legea eta hedabideak
Euskarazko hedabideek Nafarroan hizkuntza berreskuratzeko eta garatzeko egiten duten lanaren garrantzia eta nafarrei eskaintzen zerbitzua aitortu zuen joan den asteko ostegunean Nafarroako Parlamentuak. PP ez beste talde guztiak alde bozkatu zuten.

Aldi berean, UPNk eta PPk ez beste talde guztiek Nafarroako Gobernuari Euskararen Legeak hedabideei dagokiena betetzeko eskatu zioten. Horrekin batera, euskarazko hedabideen bizi-iraupena eta martxa egonkorra bermatzeko haiekin hitzarmenak adosteko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Azkenik, Nafarroako Gobernuari heldu den urteko aurrekontuetan euskarazko hutsezko hedabideei lehentasuna ematen dien diru-laguntza emateko egoki hornitutako diru-saila onartzea eskatu zioten.