Bat libre, besteari sei urteko espetxe zigorra

Guaixe 2014ko abe. 18a, 17:27
Epaitutako gazteen alde Olatzagutian egindako kontzentrazioa.

Segiko kide izateagatik epaituak izan diren Ainara Ladroni akusazioa erretiratu dio fiskalak eta Imanol Salinasi sei urteko espetxe zigorra eskatu dio.

Bihar bukatuko da irailaren 22an hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean 28 euskal gazteren kontrako epaiketa. Guztiei Segiko kide izatea eta beraz “erakunde terroristako kide” izatea leporatzen zaie (hala izendatu zuten Segi 2007an). Fiskaltzak gazteen kontrako zigor eskaerak haiei inkomunikazio aldiko deklarazioetan eta auzitegi berak garagarrilean absolbitu zituzten 40 gazteen deklarazioetan oinarritu ditu. Deklarazio horiek torturapean atera zizkietela salatu dute gazteek epaiketan zehar.

Batzuk libre uzteko eta beste batzuendako zigor eskaera mantentzeko fiskalak ez zuen arrazoi argirik eman, eta Espainiako auzitegiaren irizpideetan ere ez du oinarririk. 28 gazteek epaiketa hasi aurretik adierazi zuten garagarrilean akusazio bera zuten 40 gazteak absolbitu bazituzten haien kontrako epaiketak ez zuela zentzurik. Epai hartan epaimahaiak balioa kendu zien inkomunikazio aldiko deklarazioei.

Sakandarrak
Imanol Salinas Ijurko 2010eko lastailaren 22an atxilotu zuten Olatzagutian. Espetxean urte bat eta hiru hilabete eman ondoren, 30.000 euroko bermea ordainduta 2012ko ilbeltzaren 18an utzi zuten aske. Loiolako aske gunean atxilotu eta beste hilabete eman du aurten espetxean. Ainara Ladron sarekada berean atxilotu zuten Elgoibarren. Urte eta bost hilabete egin zituen behin-behinean espetxean, 30.000 euro pagatu ondoren 2012ko martxoaren 27an bermepean aske utzi zuten.