Urte berriak auzo-konposta ekarriko du

Guaixe 2014ko abe. 24a, 09:18
Lakuntzan probaldian jarritako auzo-konpostagailuaren modukoak Irurtzunen eta Altsasun jarriko dituzte.

Sakanako Mankomunitateak Irurtzunen eta Altsasun auzo-konpostagailuak jartzeko bi udalekin akordioak itxi ditu. Lakuntzan probatutako Vermican enpresako auzo-konpostagailu eredu modularra jarriko da bi herrietan. Mank-eko Hondakin Zerbitzuko arduradun Olatz Garde Mazkiaranek esan digunez, “erabiltzeko erosoagoak dira. Gainera, prozesua azkarrago egiten da tenperatura altuagoak lortzen direlako”.

Irurtzun
Irurtzunen zortzi auzo-konpostgune izanen dira: Bihaizpe, Aralar Intxaurreta, Herria, Kiroldegia, Aldapa, San Migel eta Berria kaleetan. Haiek kokatzeko urbanizazio lanak despedituta urte akaberan hasiko dira auzo-konpostagailuak muntatzen. 12 metro karratuko espazioa egokitu dute (4x3) eta hartan 6 metro kubiko gaitasuna duten auzo-konpostagailuak jarriko dira. Salbuespena Aldapa kalekoa izanen da, 3 metro kubikokoa izanen dena.

150 irurtzundarrek eman dute izena haiek erabiltzeko. “Haiekin harremanetan jarriko gara, erabiltzen hasi aurretik informazio kanpaina, ikastaroak, egin behar dugulako”, azaldu digu Gardek. Auzo-konpostagailuak otsaila hasieran mustuko dituztela jakinarazi digu. “Hasieran jende kopuru horrekin hasiko gara, eta dena ondo badoa jende gehiagori zabalduko diogu aukera”.

Altsasu
Altsasuarren eskaerari erantzunez 6 metro kubikoko bi auzo-konpostagailu jarriko dira. Bata, Aralar eta Amaia kaleen bidegurutze ondoan, Navarro Villoslada ikastetxea zenaren ondoan. Bestea, berriz, Otain, Kaltzada, Amadrea eta Uhaldera kaleen arteko berdegunean. Irurtzunen bezala, ilbeltzean zehar, interesa azaldu duten altsasuarrekin harremanetan jarriko dira Mank-eko Hondakinen Zerbitzuko hezitzaileak, ikastaroak egin eta otsailean mustu ahal izateko.