Zabaleta: “Partidaz partida goaz. Guretzako materiala egokia da, akaso besteena baino baxuagoa baina ongi”

Guaixe 2015ko urt. 22a, 10:30

Oinatzi biziegia iruditzen zaio sakandarrek hautatutako materiala

Larunbatean Binakako 6. jardunaldiko partida jokatuko dute Ezkurdia eta Zabaleta sakandarrek Labriten, Oinatz Bengoetxearen eta Aretxabaletaren kontra. Asteazkenean egin zuten material aukeraketa eta Oinatzen iritziz sakandarrek hautatutako pilotak biziegiak ziren. “Guk hautatu ditugunak gustuko ditugu, baina eurenak… beldur naiz azkarregiak izango ote diren, bai frontisean eta baita lurrean ere. Kontuan hartuta Zabaleta eta Ezkurdia egun dauden jotzaile handienak direla, kezkatzen nauen zerbait da” adierazi zuen leitzarrak hautaketaren ondoren.

Aldiz, pilotekin konforme azaldu ziren sakandarrak. “Materiala ona da, akaso besteena baino baxuagoa baina dena ongi” azaldu zuen Zabaletak. Faborito direla galdetuta eurek ez diotela taulari begiratzen erantzun zuen etxarrendarrak. “Liderrak garela eta ez dugula partidarik galdu kontziente gara, baina guk gurera jarraitu behar dugu. Lehenbailean 8 edo 9 garaipen lortu behar ditugu, finalerdietarako ligaxkara sailkatzeko eta beste guztiari ez diogu garrantzirik ematen. Partidaz partida goaz, partida bakoitza final bat bailitzan, gure helburua lortzeko” nabarmendu zuen. Oinatz eta Aretxabaletaren kontrako partida “konplikatua” izango dela aurreikusten du. “Oinatz Joseba nahasten saiatuko da eta guk hori saihestu behar dugu eta gure jokoa egin: partida atzean gogortzea eta Josebak ahal dituen aukerak aprobetxatzea” gaineratu zuen. Bestalde, Oinatzek hitz ederrak izan zituen sakandarrendako, bien errendimendua sekulakoa dela azpimarratuz. “Zabaleta historian atzelari gutxik jokatu duten mailan jokatzen ari da. Biak garaipen ezinak daude, baina egunen batean ez dute horren ongi jokatuko eta espero dezagun egun hori larunbata izatea, guk irabazi ahal izateko” aipatu zuen Oinatzek. Ezkurdiak, bere aldetik “ezin direla konfiatu” gehitu zuen.

Gaur Zubietak eta Berasaluzek aukeratuko dute materiala
Aitor Zubieta etxarriarrak Berasaluzerekin osatzen du bikoa. Igandean jokatuko dute, Eibarren, Artolaren eta Albisuren kontra. Material aukeraketa gaur, ostegunean, eginen dute Beotibar pilotalekuan, 16:00etan.