Haurtzaroaren babes sarea ehuntzen

Guaixe 2015ko urt. 24a, 12:41

Itsasoan buiek ontziei arriskuaz gaztigatzen dieten moduan, haurtzaroa babesteko sarea osatua dute Burunda mendebaldeko hainbat esparrutako profesionalek. Esperientziarekin pozik daude.

Duela hiru urte sortu zen Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Haurtzaroko Tratu Onen Sustapen Taldea. Gizarte osasuntsua helburu, txikien eta familien ongizateaz arduratzen diren arlo askotako profesionalek osatzen dute taldea. Nork bere esparruan prebentzio lana egiten du. Hala, inork haur edo gazte bat arazoren bat duela sumatzen duenean, taldeari jakinarazten dio eta diziplina arteko ikuspegitik haur, gazte eta familiei eragiten dieten arazoak, konplexuak askotan, bideratzen saiatzen dira

Orain arteko taldearen martxa Eneka Irizarrek, Burunda mendebaldeko gizarte zerbitzuetako prebentzio teknikari eta sareko koordinatzaileak, eta Gurutze Goikoetxeak, Altsasuko osasun etxeko gizarte langileak eta sareko kideak, azaldu digute. Argitu digutenez, arlo ezberdinetako profesionalek, ikuspegi ezberdinak dituztela, haiek bateratzeko, koordinatzeko eta sarean lan egiteko prestakuntza jaso dute urte hauetan.

Hasiera horren ondoren, Irizarrek esan digu tratu onen inguruko prestakuntza jaso zutela: “guk nola lan egin, kontuan izan beharrekoak, sarekide guztiek hizkuntza bera erabiltzea, gauza berdinei erreparatzea… Joan den urtean genero ezberdintasuna eta berdinen arteko jazarpena landu genituen”.

Balorazioa
Hiru urteren ondoren batzarretan balorazio positiboa egiten dute. “Beharra sumatzen zen. Lehen binakako elkarrizketak genituen. Kasu bati buruz hitz egiteko zaila da guztion agendak bateratzea. Baina guztion informazioarekin haur horren egoerari buruzko ikuspegi orokorragoa jasotzen dugu. Horrek errazten du eta denak bihurtzen gara kasu horren arduradun”, azaldu du Irizarrek. Aitortu du, hala ere, aurreko inertzia haustea, binakako bilerak egitea, batzutan kosta egiten dela.

Goikoetxeak prestakuntza eta dinamika aipatu du taldeak etorkizunean hobetu beharrekoak. “Hasieratik hona azkarrago zentratzen dugu gaia, arintasuna helburuak komunean jartzeko… Arlo guztiek euren helburuak izanda asko errazten ditu gauzak. Prebentzio aldetik, baliabideak aurrezten ditugu eta haur eta gazteendako abantaila da”.

Gizarte langileak gaineratu duenez, “urte guztian kasuen jarraipena mantentzen saiatzen gara. Udan aisialdi jardueretako begiraleen bidez”. Horregatik, Udan Euskarazko eta kirol begiraleei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu zituzten joan den urtean. Otsailean musika irakasleen txanda izanen da. “Zeri erreparatu behar dioten azaltzen zaie, kasuren bat atzematen bada, prebentzio aldetik, garaiz iristeko”.

Lan moldea
Sareko kide guztiak biltzen dituen batzarra urtean bitan egiten dute, hasieran eta bukaeran. Azkena abenduan izan zen. Han egin beharrekoak zehazten dira, esaterako, guztiek egin beharreko prestakuntza zehaztu. Horiek gauzatzeaz arduratzen dena bospasei pertsona elkartzen duen talde eragilea arduratzen da (ardura horretan txandakatu egiten dira). Hala, prestakuntza saioak antolatzeaz eta haietarako diru-laguntzez arduratzen da.

Baina haur edo gazte eta haren familiaren egoera onbideratzeko talde bereziak osatzen dituzte, kasu taldeak. Hor gurasoak eta zuzenean harremana duten arloetako profesionalek parte hartzen dute. Goikoetxeak azaldu digunez, kasua bideratzeko helburuak, ekintzak, epeak zehazteaz, jarraipena egiteaz eta berrikuspenaz arduratzen da talde hori. “Profesional ugari izateak ikuspegia aberasten du”.   

27 kide
Modu batera edo bestera haur eta gazteekin lanean ari diren profesionalak dira sareko kide: gizarte zerbitzuak, osasun etxea, osasuneko profesionalak, ikastetxeak, aisialdian lan egiten dutenak (liburuzainak, ludotekariak, kirol begiraleak, musika irakasleak), udaltzainak eta foruzainak. Oraindik parte-hartzaile gehiago izan daitezkeela uste dute.


Logotipoa
Burunda mendebaldeko Haurtzaroko Tratu Onen Sustapen Taldean parte hartzen duten erakunde guztietako eraikinean sarearen irudia dago.