Lehengusuari eta lagunari eskainitako garaipena

Guaixe 2015ko urt. 26a, 08:37

Ezkurdiak eta Zabaletak 22-7 irabazi zieten Bengoetxeari eta Aretxabaletari (6 puntu).

Lehengusua auto istripuz zendu ondoren Joseba Ezkurdia jokatzeko gai izango ote zen, hori zen asteburuko kezketako bat. Baina Alberto Soto lehengusuari egin ahal zion omenaldi ederrena jokatzea eta, ahal bada irabaztea zela erabaki zuen arbizuarrak. Saminak ematen duen amorru horrekin atera ziren Labriteko kantxara Ezkurdia eta Zabaleta, eta orain arteko partidarik onena jokatu zuten, Oinatz Bengoetxea eta Andoni Aretxabaleta 7 tanto eskasetan utzita.

Bi sakandarrak primeran aritu ziren. Pilota gogor astindu zuten, erasoan bikain ibili ziren eta defentsan ere sendo, eta jokoz kanpo utzi zituzten leitzarra eta bizkaitarra. Zabaletak pilotakada guztietan gozatu zuen eta soilik 4 akats izan zituen. Bi aldiz eraman zuen pilota erreboteraino. Ezkurdiak, aldiz, ez zuen akatsik egin eta pilotari indar berezia eman zion. Bengoetxeak asko arriskatu zuen, baina tanto onak hutsegiteekin tartekatu zituen, eta sakandarrek defentsa bikaina egin zuten. Sekulako erakustaldia emanda irabazi eta emozioa gainezka, negarrez utzi zuen kantxa arbizuarrak. “Ez digute jokatzen ere utzi; beste maila batean egon dira. Euren pilota bizia zen, baina horri ere eman egin behar zaio” adierazi zuen Andoni Aretxabaletak.

Partida bukaeran Zabaletak azaldu zuenez “Albertoren heriotzaren ondoren gogo gehiagorekin eta amorru pixka batekin atera gara jokatzera”. Izan ere, Ezkurdiaren lehengusu Alberto Soto pilotan aritu izan zen ere, afizionatuetan. “Txikitatik jokatu genuen berarekin, elkarrekin eta elkarren kontra, eta batzutan gurekin entrenatzen zuen Labriten. Albertorengatik eta bere familiarengatik gogo gehiagorekin aritu gara” nabarmendu zuen pilotari etxarrendarrak. Nahiz eta Binakakoan seigarren garaipena lortu, triste zegoen Zabaleta, bizitzak ematen dituen kolpe latz horiengatik, baina txapelketaz galdetuta gaineratu zuen “sei garaipenekin eta galdu gabe egongo ginela esaten badigute, ez genuke sinistuko” adierazi zuen.

Datorrena
Ezkurdiak eta Zabaletak Xala eta Merino II izanen dituzte aurkari larunbatean Idiazabalen, eta egun berean, Pablitok eta Zubietak Oinatzen eta Aretxabaletaren kontra jokatuko dute Markinan.

Sailkapena
Ezkurdia-Zabaleta: 6 puntu
Berasaluze-Zubieta: 4 puntu
Artola-Albisu: 3 puntu
Irujo-Barriola: 3 puntu
Oinatz-Aretxabaleta: 3 puntu
Xala-Merino II: 2 puntu
Retebi Bi-Rezusta: 2 puntu
Olaizola II-Beroiz: puntu 1

Binakako Txapelketa. 7. jardunaldia
Retegi Bi-Rezusta / Artola-Albisu (ostiralean 22:00etan Bergaran. ETB1)
Xala-Merino II / Ezkurdia-Zabaleta (larunbatean, 17:30ean, Idiazabalen)
Berasaluze-Zubieta / Oinatz-Aretxabaleta (larunbatean, 17:30ean, Markinan)
Irujo-Barriola / Olaizola II-Beroiz (igandean, 17:00etan, Bilbon. ETB1)