Ikurrinek ez dute udaletan tokirik izango

Guaixe 2015ko urt. 29a, 14:28

Nafarroako Parlamentuak atzera bota du Guztion Nafarroa, guztion ikurrak herri plataformak Nafarroako ikur guztiak aintzat hartzeko proposatutako herri ekinbidea.

2003ko Nafarroako Sinboloen Legeak indarrean jarraituko du eta ikurrinek ez dute udaletan tokirik izango. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak asteartean atzera bota zuen Guztion Nafarroa, guztion ikurrak herri plataformak Nafarroako ikur guztiak aintzat hartzeko proposatutako herri ekinbidea. Lege egitasmoak 23 boto jaso zituen kontra (UPN, PSN eta PP) eta 17 alde (Bildu, Aralar-Nabai, Ezkerra eta Geroa Bai).

Lege egitasmoak Nafarroako hezkuntza, kultura eta kirol arloetako pertsona esanguratsuek bulkatu zuten eta urte bateko epean 9.100 sinadura jaso zituen, baina Hautesle Erroldaren Bulegoak 4.084 ez zituen ontzat eman eta 5.016 sinadurekin egin zuen aurrera ekimenak. Parlamentuko astearteko bilkuran Eneko Compains EHUko Zuzenbide fakultateko ikertzaileak defendatu zuen ekinbide legegilea. Nafarroako aniztasuna errespetatuko duen lege berri bat eskatu zuen eta lege horrek “herritarrek sinboloei buruz duten iritzia” jaso behar duela azpimarratu zuen. Nafarroako Sinboloen Legea indarrean jarri zenetik ikurrina “sistematikoki jazarria” izan dela adierazi dute behin eta berriz ekimenaren sustatzaileek, eta hainbat udalek isunak jaso zituztela salatu dute.

Iritziak
UPNko Carlos Garcia Adaneroren iritziz, egitasmo horren lehen helburua “Espainiako bandera kentzea, ikurriña jartzea eta Nafarroako bandera erabat ezabatzea” da, eta horregatik kontra bozkatu zuen. PPko Ana Beltran iritzi berekoa zen eta parlamentuan herri ekinbide legegilearen eztabaidari bide eman izana kritikatu zuen. PSNko Santos Cerdanek esan zuen egungo legea aski dela, eta ikurriñak ez bezala, Nafarroako banderak jasotzen duela gizartearen aniztasuna. Aldiz, Aralar-NaBaiko Patxi Zabaletak esan zuen demokraziaren oinarria dela aniztasuna jasotzea eta egungo legeak hori ez duela egiten. Bilduko Maiorga Ramirezek ondoko galdera bota zuen: Nafarroa hain plurala bada, zergatik dugu lege bat aniztasun horren kontra egiten duena? Ezkerrako Txema Mauleonek lege berriaren alde egin zuen, ohartaraziz ikurrinak bezainbeste babes duela Espainiako banderak Nafarroan eta herri guztietan daudela bata eta bestearekin identifikatzen direnak. Azkenean, Nafarroako ikur guztiak aintzat hartzeko herri ekinbidea atzera bota zuten UPNk, PSNk eta PPk.