Bocalan Biak Bat fundazioak sustatutako legea onartuta

Guaixe 2015ko urt. 31a, 11:52
Bocalan Biak Batekoak lanean.

Asistentzia Txakurren Legeak ezgaitasunen bat duten pertsonek laguntza txakurrekin edonon ibili eta egoteko aukera ematen du.

Nafarroako Parlamentuak asteartean onartu zuen legea Altsasun egoitza duen Bocalan Biak Bat fundazioak sustatu du. Laguntza txakurrekin lan egiten du erakundeak eta bere jarduna aurrera eramateko lege babesik ez zuenez, legea sustatzea erabaki zuen. Fundazioko arduradun Josu Mendezek pozik hartu zuen albistea. “Gurpildun aulkietan dauden pertsonen, entzumen ezgaitasuna dutenen, autisten… ezgaitasunen bat duten pertsona guztiek euren laguntza txakurrekin edonora sartzeko aukera izanen dute”

Mendezek azaldu digunez, orain arte itsuen laguntza txakurrekin ibiltzea eta egotea arautzen zuen soilik legeak. Laguntza txakurrekin lanean lau urte darama Bocalan Biak Bat fundazioak. “Gure erabiltzaileek laguntza txakurrekin tokietara sartzeko inolako lege babesik ez zutela ikusi genuen. Inori ez zaigu buruan sartzen pertsona bati esatea: zure gurpildun aulkia kanpoan utzi behar duzu. Laguntza txakurrekin hori gertatzen zen”.

Fundazioan berdin jarraituko dute lanean. “Baina txakur bat entrenatzen ari garenean ez dugu Arabara edo Gipuzkoara joan beharko. Han lege babesa aurretik zegoen. Orain txakurrak trebatzen, entrenatzen, Iruñean egin ahalko dugu lan”. Legearekin laguntza txakurrak dituzten pertsonek lasaitasunean irabaziko dutela ziurtatu du Mendezek. Fundazioak, bitartean, terapia eta prestakuntza eskaintza egiten segitzen du, “garai hauetan finantzaziorik ez badago ere. Gustura ari gara. Gero eta jende gehiago urreratzen da guregana”. Gutxi barru Altsasuko herriari sorpresa bat emanen diotela iragarri du Bocalan Biak Bat-ekoak.