Binakakoa: pilotari sakandarrak elkarren kontra

Guaixe 2015ko ots. 6a, 13:01
Laukotea lehen itzuliko material aukeraketan.

Ezkurdia-Zabaleta liderrak eta Berasaluze-Zubieta bigarrenak elkarren kontra lehiatuko dira gaur Urdulizen

Binakakoa. 8. jardunaldia
Berasaluze-Zubieta / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 22:00etan, Urdulizen. ETB1)
Urrutikoetxea-Beroiz / Artola-Albisu (larunbatean, 17:30ean, Labriten)
Oinatz-Aretxabaleta / Retegi Bi-Rezusta (igandean,18:00etan, Tafallan)
Irujo-Barriola / Xala-Merino II (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)

Sailkapena
1.Ezkurdia-Zabaleta: 7 puntu
2.Berasaluze-Zubieta: 5 puntu
3.Artola-Albisu: 4 puntu
4.Irujo-Barriola: 4 puntu
5.Oinatz-Aretxabaleta: 3 puntu
6.Xala-Merino II: 2 puntu
7.Retegi Bi-Rezusta: 2 puntu
8.Olaizola II-Beroiz: 1 puntu

Asteburuan Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako bigarren itzuliari ekingo zaio. Gaur, ostiralean, sakandarrak elkarren kontra ariko dira lehian Urdulizen, Berasaluzek eta Zubietak zain baitituzte Ezkurdia eta Zabaleta. Orain arte erakutsitako mailarekin akaso Ezkurdia eta Zabaleta dira faboritoagoak, dena irabazi baitute, baina Berasaluze eta Zubieta bikote sendoa dira, sailkapenean bigarrenak eta azkeneko garaipenen ondotik animoz goian daudenak. Hortaz, partida lehiatu eta gogorra espero da, sakandarren arteko derbia, finean.

Partida hasi baino lehen material aukeraketa egingo dute, asteazkeneko aukeraketa bertan behera geratu baitzen eguraldiagatik.

"Lana egiten jarraitu behar dugu"
Ezkurdia eta Zabaleta kontentu daude orain arte lortutakoarekin, partida guztiak irabazi baitituzte. "Gehiago ezin dugu eskatu. 7 garaipenekin pozik gaude, baina oraindik lanean gogor jarraitu behar dugu, hasierako fase honetan geratzen zaizkigun partidak aurrera ateratzeko" azaldu du Ezkurdiak aspepelota.com web gunean. "Aurreko urtea gogorra izan zen eta lezioa ikasi dugu. Argi genuen ezin genituela aurreko akatsak errepikatu eta gogoekin hasi ginen, partidaz-partida" gaineratzen du arbizuarrak.

Bikotearen arrakasta hainbat gakoren ondorioa da, eta une gozoa bizi dute. "Biok eskuak ongi ditugu eta fisikoki ongi gaude. Hori da garrantzitsuena, lesioek gu errespetatzea. Bestalde, Jose Javier atzelari bikaina da, akats gutxi egiten ditu, izugarri jotzen du eta atzealdea oso ongi estaltzen du. Horrek segurtasuna ematen dit" aipatu du Ezkurdiak.

Lehen helburua finalerdietara sailkatzea da, eta biko sakandarrak argi du finalerdietako ligaxkan zerotik hasi beharko dutela. "Finalerdiak oso konplikatuak izango dira; finalera sailkatzea oso zaila izango da" ondorioztatzen dute. Oraindik hasierako ligaxkako bigarren itzulia geratzen da eta gero etorriko dira gerokoak.