Sakandarren derbia Zubietarendako

Guaixe 2015ko ots. 9a, 09:54

Ezkurdia-Zabaletak jarraitzen dute buruan (7 puntu), baina Berasaluze II-Zubieta (6 puntu), Artola-Albisu (5 puntu) eta Irujo-Barriola (5 puntu) gertu dituztela.

Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Binakako hasierako ligaxkako euren lehendabiziko partida galdu zuten, Berasaluzeren eta Aitor Zubietaren kontra. Beraz, etxarriarrarendako izan zen sakandarren arteko derbia. Eta bera izan zen, hein handi batean, garaipenaren erantzule nagusia, Zabaleta baino gehiago izan baitzen. Etxarrendarra ez zen batere eroso aritu Urdulizeko frontoian eta etxarriarra, aldiz, hobeto aritu zen. Maila bikainean dago Zubieta: ongi jo zuen, defentsan sendo aritu zen eta pilota ongi kokatu zuen. Hori bikain etorri zitzaion Berasaluzeri eta 22-15 gailendu ziren Asegarcekoak.

Partida hasi eta berehala errenta ederra lortu zuten Berasaluzek eta Zubietak, 16-6 aurreratu baitziren. Zabaleta ez zebilen ongi, akatsak bata bestearen atzetik pilatu zituen. Ezkurdiak ezer gutxi egin ahal izan zuen. Hala ere, bikote sakandarrak erantzun egin zuen. Ezkurdiak tantoa egin, pilota azkarragoa atera eta Aspeko sakandarrek 7 tanto egin zituzten segidan, 17-14 gerturatuz. Baina Ezkurdiak arriskatu zuen, tantoa galdu eta hortik aurrera atzera ere dominatzera pasa ziren Berasaluze eta Zubieta; Zabaletaren akatsek lanbide horretan asko lagundu zieten. Bukaeran, 22-15 irabazi zuten.

Ezkurdia-Zabaleta / Irujo-Barriola, asteburuko lehia garrantzitsuenetakoa
Binakako hasierako ligaxkako 8 jardunaldi jokatuta, Ezkurdia-Zabaletak jarraitzen dute buruan (7 puntu), baina Berasaluze II-Zubieta (6 puntu), Artola-Albisu (5 puntu) eta Irujo-Barriola (5 puntu) oso gertu dituzte. Hain zuzen ere asteburuan Ezkurdia eta Zabaleta liderrek sekulako erakustaldiak ematetik datozen Irujo eta Barriola izanen dituzte aurkari, larunbatean Gasteizko Ogetan jokatuko den lehian. Zalantzarik gabe, ikusmin handienetakoa piztu duen partida izango da hau, lasexta katearen bidez jarraitu ahal izango dena. Ziur partida lehiatu eta bikaina izango dela.

Bestalde, txapelketa bikaina egiten ari diren Berasaluzek eta Zubietak burua altxatu ezinik dabiltzan Olaizola II eta Beroiz izanen dituzte aurkari, oraindik zehaztu ez den frontoian. Finalerdietarako sailkatzeko aukera asko dituzte etxarriarrak eta bizkaitarrak. Ea horrela jarraitzen duten.

Sailkapena
1.Ezkurdia-Zabaleta: 7 puntu
2.Berasaluze II-Zubieta: 6 puntu
3.Artola-Albisu: 5 puntu
4.Irujo-Barriola: 5 puntu
5.Bengoetxea VI-Aretxabaleta: 4 puntu
6.Xala-Merino II: 2 puntu
7.Retegi Bi-Rezusta: 2 puntu
8.Olaizola II-Beroiz: 1 puntu

9. jardunaldia
Irujo-Barriola / Ezkurdia-Zabaleta (larunbatean, 17:30ean, Gasteizen. Lasexta)
Bengoetxea VI-Aretxabaleta / Artola-Albisu (Astelehenean, 16:30ean, Tolosan)
Xala-Merino II / Retegi Bi-Rezusta
Berasaluze II-Zubieta / Olaizola II-Beroiz