Ezkurdia: “finalerdietara sailkatzeko zenbat garaipen behar ditugunarekin ez dugu itsutu behar; disfrutatzera atera behar dugu”

Guaixe 2015ko ots. 11a, 15:35
Gaur goizeko material aukeraketa.

Material aukeraketa egin zuten atzo pilotari sakandarrek

Larunbatean jokatuko dute Ezkurdiak eta Zabaletak Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldia, Gasteizko Ogetan. Irujok ezker eskua minduta du eta bere tokia Altuna III.ak hartuko du, eta berarekin batera ariko da Barriola. Lau pilotariek atzo aukeratu zuten materiala. Sakandarrek euren 8. garaipena lortu nahi dute finalerdietarako ligaxkarako sailkatzeko eta egun 5 puntu dituzten Altuna III.a eta Barriola irabaztera aterako dira, asmo berbera baitute.

Pilotari abiadura eman eta partidako erritmoa eraman
Aurreko ostiralean Berasaluzeren eta Zubietaren kontra galdu egin zuten Ezkurdiak eta Zabaletak, eta porrot hori atzean utzi nahi dute. “Urdulizeko frontoia oso hotza da, erramintakoa, eta ez genuen bertara egokitzen jakin. Partidan sartzea kosta egin zitzaigun, eta konturatzerako beranduegi zen. Lehenbailehen ahaztu beharreko kontua da” azaldu zuen Ezkurdiak material aukeraketan. “Gure lana hobe egin behar dugu. Finalerdietara sailkatzeko zenbat garaipen behar ditugunarekin ez dugu itsutu behar; disfrutatzera atera behar dugu, aurrera egiteko aldea baitugu” gaineratu zuen arbizuarrak. “Pilotari abiadura eman beharko diogu, eta partidaren erritmoa eraman. Bestela, Altuna errematera sartuko da eta aurrelari oso arriskutsua da. Atzean ere asko lan egin beharko dugu, Abel dagoelako” ondorioztatu zuen Ezkurdiak.

Altuna III.ak partida zaila izango dela aurreikusi zuen. “Liderrak dira. Oso kontentu nago Abelekin jokatuko dudalako, handietako bat baita. Horrek gauzak asko errazten ditu” adierazi zuen Altuna III.ak.

Arratsaldean Zubietak aukeratuko du
Gaur, 16:30ean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan aukeratuko dute materiala Berasaluze II-Zubietak eta Urrutikoetxea-Beroizek. Bi bikoak elkarren kontra ariko dira igandean Bilbon.