Berdinduta

Guaixe 2015ko ots. 16a, 11:58

Ezkurdiak eta Zabaletak ezin izan zituzten Altuna eta Barriola menpean hartu. Aldiz, Berasaluzek eta Zubietak erremontada ederra egin eta 22-21 irabazi zieten Urrutikoetxea-Untoriari. Zazpi puntura berdinduta daude Ezkurdia-Zabaleta eta Berasaluze-Zubieta

Binakako Pilota Txapelketako 9. jardunaldi erdia jokatu da, gaur eta bihar oraindik bi partida jokatuko direlako. Momentuz aurreratu daitekeena da sailkapenaren goialdea ederki estutzen ari dela. Izan ere, Ezkurdiak eta Zabaletak euren bigarren porrota ezagutu zuten jarraian, eta 7 punturekin jarraitzen dute. Puntu berberak dituzte Berasaluzek eta Aitor Zubietak, atzo sekulako erremontada egin ondoren Urrutikoetxeari eta Untoriari 22-21 irabazi eta gero. Hortaz, pilotari sakandarrak puntutara berdinduta daude, eta finalerdietarako sailkatzeko hurrengo jardunaldietan puntuatu beharrean daude.

Barriola ikusgarri
Ezkurdiari eta Zabaletari 18-22 irabazi zieten Altuna III.ak eta Barriolak larunbatean, beteta zegoen Ogeta pilotalekuan. Abel Barriolak sekulako partida jokatu zuen eta bere defentsa ikaragarriari esker partida irabaztea lortu zuen asko arriskatu eta bikain atera zitzaion Altunaren laguntzarekin. Ezkurdiak eta Zabaletak ezin izan zuten leitzarra dominatu, Barriolak dena bueltatzen baitzien. Partida hasieran Altunak eta Barriolak sakandarrak zeharo nahasi zituzten eta markagailuan tartea atera zuten, 4-13. Akats baten ondoren sakea berreskuratu zuten eta material azkarrago batekin iritsi zen sakandarren erantzuna. Zabaleta sekulako pilotakadak jotzen hasi zen eta Ezkurdiak aukera gehiago izan zituen aurrean. 15-17 gerturatu ziren sakandarrak. Baina hortik aurrera atzera ere Altuna eta Barriola nagusitu ziren eta eurendako izan zen garaipena.

Berasaluze-Zubietaren erremontada
Igandean Berasaluzek eta Zubietak izugarri izerditu behar izan zuten Olaizola II.a eta Beroiz ordezkatzen zituzten Urrutikoetxea eta Untoria menpean hartzeko. Ordezkoak sorpresa ematekotan egon ziren eta 10-18 aurreratu ziren. Zubieta ezinean zebilen eta Untoria nagusitu zen atzean. Baina Berasaluzek eta Zubietak esperientzia izan zuten bere alde eta sekulako buelta eman zioten markagailuari, 21era berdinduz. Euren estrategia Untoria lehertzea izan zen. Berasaluzeren azken sakearen errestoan Urrutikoetxea ez zen fin ibili eta tantoa eta garaipena Berasaluze-Zubietarendako izan zen.

Partida bukaeran Zubietak azaldu zuenez, “Urrutikoetxea eta Untoria konfiantzarekin zeuden eta gu, ni bereziki, gogortuta, kateatuta. Baina lana egitearen bitartez tantoak egiten hasi gara eta eurak urduritzen hasi dira. Zortea ere alde izan dugu. Txapelketako nire partidarik okerrena izan da, baina gauza positiboekin geratu behar zara: puntu bat lortu dugu, hori da inportanteena, eta aste guztia dugu hurrengo lehia prestatzeko. Ea zortzigarren puntua lortzen dugun” adierazi zuen Zubietak bukaeran.

Gaur
Gaur Oinatz Bengoetxeak eta Aretxabaletak Artola eta Albisu izanen dituzte aurkari inauterietan murgilduta dagoen Tolosan, 16:30ean Beotibar pilotalekuan hasiko den jaialdian. Aukerak izaten jarraitzeko bi bikoak irabazi beharrean daude. Bihar despedituko da Binakako 9. jardunaldia, Tolosan jokatuko den Xala-Merino II eta Retegi Bi-Rezustaren kontrako partidarekin.

Ezkurdia-Zabaletak Altsasun jokatuko dute
Binakako Pilota Txapelketako 10. jardunaldiko partida bat Altsasun jokatuko da. Ostiralean izanen da, 22:00etan, Burunda pilotalekuan abiatuko den jaialdian. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Bengoetxea VI.a eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari. Baina aurretik beste partida bat jokatuko da: Jaunaren-Cecilio / Altuna III.-Merino. Sakandarrek aurreko bi partidak galdu dituzte eta ea konfiantza berreskuratzen duten, euren 8. Puntua lortzeko.

Bestalde, Berasaluzek eta Zubietak Artola eta Albisu izanen dituzte aurkari, larunbatean, Amorebieta-Etxanon. Partida gogorra aurreikusten da.

Sailkapena
1.Ezkurdia-Zabaleta: 7 puntu
2.Berasaluze-Zubieta: 7 puntu
3.Irujo-Barriola: 6 puntu
4.Artola-Albisu: 5 puntu
5.Oinatz-Aretxabaleta: 3 puntu
6.Xala-Merino II: 2 puntu
7.Retegi Bi-Rezusta: 2 puntu
8.Olaizola II-Beroiz: 1 puntu

10.jardunaldia
Bengoetxea VI-Aretxabaleta / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 22:00etan, Altsasun.ETB1)
Irujo-Barriola / Retegi Bi-Rezusta (larunbatean, 17:00etan, Labriten)
Berasaluze II-Zubieta / Artola-Albisu (larunbatean, 17:30ean, Amorebieta-Etxanon)
Xala-Merino / Olaizola II-Beroiz