Berasaluze-Zubieta, lider berriak

Guaixe 2015ko ots. 23a, 11:45
Aitor Zubieta.

Artola-Albisuri 22-16 irabazi eta gero, 8 puntu bildu dituzte, liderrak dira eta hanka eta erdia dute finalerdietan. Ezkurdia-Zabaletak ezin izan zuten Bengoetxea VI eta Untoria menpean hartu (22-20) eta 7 punturekin jarraitzen dute, Irujo-Barriolarekin berdinduta

Sailkapena
1.Berasaluze-Zubieta: 8 puntu
2.Ezkurdia-Zabaleta: 7 puntu
3.Irujo-Barriola: 7 puntu
4.Artola-Albisu: 6 puntu
5.Oinatz-Aretxabaleta: 5 puntu
6.Retegi Bi-Rezusta: 3 puntu
7.Xala-Merino II: 2 puntu
8.Olaizola II-Beroiz: 2 puntu

11. jardunaldia
Xala-Merino II / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 20:30ean, Garazin. ETB1)
Irujo-Barriola / Olaizola II-Beroiz (larunbatean, 17:00etan, Iruñean)
Berasaluze II-Zubieta / Oinatz-Aretxabaleta (larunbatean, 17:00etan, Bilbon. laSexta)
Retegi Bi-Rezusta / Artola-Albisu (igandean Beasainen. ETB1)

 

Gauzak ongi doazkie Pablito Berasaluzeri eta Aitor Zubietari. Larunbatean Amorebietan22-16 hartu zituzten menpean Artola eta Albisu eta Binakako hasierako txapelketako lider berriak dira, 8 puntu lortuta. Gainera, hanka eta erdia dute finalerdietan.

Partida gogorra eta orekatua izan zen Berasaluze-Zubieta eta Artola-Albisuren artekoa. Lehia borrokatuan 13-16 galtzen zeudela, hurrengo 9 tantoak segidan egin zituzten Berasaluzek eta Zubietak, erremontada bikaina eginez, 22-16 irabazita. Atzelariek izugarri egin behar izan zuten lan, eta Albisuk arazo fisikoak izan zituen bukaera aldera. Partida bukaeran Berasaluzek ere onartu zuen eskuak justu antzean zituela despeditu zuela partida.

Bukaeran kontentu zeuden Berasaluze eta Zubieta. “Puntu garrantzitsua irabazi dugu, zortzigarrena, eta oso kontentu. Hasieran nahiko xinple hasi naiz, ez nengoen gustura. Jon Anderrek oso ondo jotzen zuen, Iñakik ere bai eta Pablo jokoan sartu ezin zebilen. Ni ez nengoen oso santu. Ez dakit hotzarengatik edo ez nuen eskuina ongi berotuta, kalloak eta… Baina partida erditik aurrera, eta lana egitearen poderioz, pilota baztertzen eta altura ematen hasi gara eta lortu dugu. Pablok tanto onak egin ditu, partida gogortu da eta garrantzitsuena, etxera puntua. Baina oraindik lana ez dago lana egina, goiko sailkapena oso estu dagoelako. Entxufatuta atera beharko dugu frontoira, finalerdietarako sailkatzeko” azaldu zuen Zubietak partida bukaeran.

Bestalde, ostiral gauean Ezkurdiak eta Zabaletak ezin izan zuten etxean irabazi. Altsasuko Burunda pilotalekua jendea poliki bildu zen eta giro ederra izan zen, baina ezin izan zen festa borobildu. Partida oso lehiatuan, gutxigatik baina 22-20 gailendu ziren Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria. Ezkurdiak eta Zabaletak 7 punturekin jarraitzen dute eta finalerdietara sailkatzeko hurrengo jardunaldietan puntuatu beharrean daude, sailkapena estu baitago.

Datorrena
Berasaluzek eta Zubietak Ezkurdia eta Zabaleta irabaztetik datozen Oinatz Bengoetxea eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Oinatzek eta Aretxabaletak (5 puntu) oraindik ere finalerdietara sailkatzeko aukera badute baina horretarako irabazi beharrean daude, eta nahiz eta Berasaluzek eta Zubietak 8 puntu izan, bederatzigarrena lortu eta finalerdietara sailkatu nahi dute behin betiko. Hortaz, lehia estua espero da.
Bestalde, Xala eta Merino II.a izanen dituzte aurkari Ezkurdiak eta Zabaletak ostiralean Garazin. Xala eta Merino txapelketan aurrera egiteko apenas aukerarik gabe daude, baina etxean irabazi nahiko du Xalak. Eta Ezkurdiak eta Zabaletak euren 8. Puntua lortu nahi dute. Emozioz betetako beste partida bat espero da.