Zabaleta: “Gure joko puntua eta gure konfiantza berreskuratu behar ditugu"

Guaixe 2015ko ots. 26a, 08:46

Ezkurdiak, Zabaletak eta Xalak materiala aukeratu zuten atzo. Ostiralean jokatuko dute, Donibane Garazin (ETB1)

Donibane Garaziko pilotalekuak ostiraleko Binakako Txapelketako partidarako material aukeraketa hartu zuen atzo. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Yves Xala eta David Merino izango dituzte aurkari, baina atzoko aukeraketan ez zen David Merino egon, ondoezik dagoelako.


Hasierako 7 jardunalditan garaipena lortu eta gero, azken hirutan galdu egin dute Ezkurdiak eta Zabaletak. “Zer gertatzen zaigun? Ezer ere ez. Bagenekien halako egoerak iritsiko zirela eta orain aurre egin behar diegu, gutxienik orain arte egin duguna baino hobe egin beharko dugu. Bosgarren sailkatutik bi garaipeneko koltxoia dugu eta hori probestu beharko dugu. Altsasun galdu egin genuen, baina sentsazioak ez ziren horren txarrak izan. Ezin duguna da zalantzekin hasi” azaldu zuen Joseba Ezkurdiak Donibane Garazin. Xala eta Merinoren kontrako partida “oso gogorra” izango dela aurreikusten du arbizuarrak. “Beraiek ez dute finalerdietarako sailkatzeko aukerarik, baina orain arteko emaitza txarren aurrean irabazi nahi dute, euren konfiantza berreskuratzeko, eta oso arerio arriskutsuak izango dira” gaineratu zuen arbizuarrak.

“Gure joko puntua eta gure konfiantza berreskuratu behar ditugu. Ez dakit erlaxatu garen edo konfiantza galdu, baina buelta eman behar diogu. Sailkapena oso estua dago eta Bengoetxea-Aretxabaleta oso indartsu datoz” nabarmendu zuen Zabaletak.