Bizkaian materia organikoa kudeatzeko eredu berriak ezagutzen

Guaixe 2015ko ots. 26a, 19:48
Hainbat sakandar larunbatean Berrizen. Argazkia: utzitakoa.

Sakanako eragileen ordezkaritza astelehenean Larrabetzun eta Berrizen izan zen. Materia organikoa kudeatzeko eredu ezberdinak eta bakoitzak lanpostuak sortzeko ematen dituen aukerak ezagutzeko baliatu zuten bisita sakandarrek.

Larrabetzun baserritarrek kudeatzen dute materia organikoaren bilketa eta tratamendua, gero sortzen duten konposta herriko nekazaritza lurretan erabiltzeko. Nekazarien parte hartzea ezagutzeko Sakanako EHNEko kide bat joan zen. Berriz herrian, bestalde, konpost planta txiki baten bidez kudeatzen da materia organikoa. Bai bata bai bestea proiektu pilotu gisa ari dira lantzen eta haiek zabaltzeko asmoa dute. Sakanako ereduaren berri ere jaso dute. Sakanako Garapen Agentziatik adierazi dutenez, “kontuan hartzekoa gertatu zaie, pauso bat aurrerago emanez herritar guztiek parte hartzen duten proiektu erreala baita Sakanan egin dena”.

Valorg
Europako Batzordearen Progress programan kokatuta dago Valorg proiektua eta hondakin organikoen balioztatzearen inguruan ari da Mank, beste lau estatutako erakunderekin batera. Asteleheneko bisitara Sakanako eragileekin batera Nafarroako Unibertsitateko ordezkariak joan ziren.