Hizkuntza-politika ausarten alde

Guaixe 2015ko ots. 27a, 09:00

Bihar, 17:30ean, Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute 

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deitu du biharko manifestazioa, Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara! leloa duena. Kontseiluko Maite Indak esan duenez, “hizkuntza bat normalizatzeko beharrezkoa da neurri politikoak hartzea eta, hain zuzen ere, horretan ari dira hainbat administrazio”. Nafarroako Gobernuak, EAEn Espainiako Gobernuak duen ordezkariak edota Akitaniako prefetak euskararen alde egiten ari diren administrazioen kontra hartutako neurriak salatuko ditu bihar kontseiluak. 

Kontseilutik gainontzeko udalei eta administrazioei euskararen normalizazioaren aldeko beharrezko neurri eraginkorrak hartzen hasteko eskatu die. Hainbat udalek “konpromiso irmoa dute herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahia errealitate bihurtzeko”, esan du Indak. Baztango Udalak onartutako euskara planaren kontra Nafarroako Gobernuak jarritako helegitea jarri du adibide gisa. Euskararen alde ari diren udalei babesa adierazi die Kontseiluak eta “gogor gaitzetsi” ditu “euskara desagerrarazi nahi duten” gobernuen jardunak.

Beste deialdi bat

Apirilaren 25ean Kontseiluak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ekitaldia eginen du. Indak jakinarazi duenez, “argi dugu Nafarroan behar beharrezkoa dela hizkuntza-politikak egiteko moduan iraultzea eta, ildo horretan, guk badugu gure alternatiba. Gure proposamena, apirilaren 25ean aurkeztuko dugu”. Euskaraz bizitzeko nahia adieraztera gonbidatu du.