Altsasun abiatuko dira Nafarroako Herri Kirol Jokoak

Guaixe 2015ko ots. 28a, 13:00
2014ko Nafarroako Herri Kirol Jolasak, Altsasun.

Igandean Burunda pilotalekuak hartuko du Nafarroako Herri Kirol Jokoen 1. jardunaldia, 11:00etan. Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutako makina bat taldek hartuko dute parte

Igandean abiatuko dira, Altsasun, Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin batera urtero antolatzen dituen Herri Kirol Jokoak. Bertan 3 kategorietako neska-mutikoek hartzen dute parte: kimuek (11-12 urte), haurrek (13-14 urte) eta kadeteek (15-16 urte). Taldeak mistoak izaten dira. Haurren eta kadeteen mailan sokatira eta proba konbinatua (koxkolak biltzea, zaku lasterketa, txingak, korrika eta trontza) jokatzen dira, eta kimuek proba konbinatua egiten dute soilik, trontzarik gabe. Lau jardunaldi jokatu ondoren –Altsasun, Berroetan, Berriozarren eta Igantzin–, martxoaren 29an finala jokatuko da, Arbizun edo Etxarri Aranatzen.

Sakandarrak
Nafarroako Herri Kirol Jokoek gora egin dute, aurten inoiz baino talde gehiagok eman baitute izena. Jakina, tartean talde sakandarrak daude. Zehazki, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolatik sortutako Andra Mari, Ondatz, Beriain, Leziza eta Putterri taldeak eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolatik sortutako Iñigo Aritza taldeak. Zorte onena opa diegu.

Taldeak
Kimuen mailako proba konbinatuan ondoko taldeak lehiatuko dira: Berriozar A, Berriozar B, Berriozar C, Irisarri, Basaburua, Andra Mari, Ondatz, Beriain, Iñigo Aritza A, Iñigo Aritza Ba, Iñigo Aritza C, Araxes, Baztan eta Artzanegi. Haurren mailan, aldiz, proba konbinatuan Berriozar, Irisarri, Basaburua, Andra Mari, Leziza, Iñigo Aritza, Araxes eta Ultzama ariko dira, eta, sokatiran, Berriozar, Andra Mari, Leziza, Putterri, Iñigo Aritza eta Ultzama. Azkenik, kadeteetan proba konbinatuan Berriozar, Basaburua, Andra Mari, Iñigo Aritza, Araxes eta Ultzama taldeek parte hartuko dute eta sokatiran, berriz, Berriozar, Andra Mari, Iñigo Aritza, Araxes eta Ultzama taldeek.