Binakako sailkapena
1.Berasaluze II-Zubieta: 9 puntu
2.Ezkurdia-Zabaleta: 8 puntu
3.Irujo-Barriola: 7 puntu
4.Artola-Albisu: 6 puntu
5.Oinatz-Aretxabaleta: 5 puntu
6.Retegi Bi-Rezusta: 4 puntu
7.Olaizola II-Beroiz: 3 puntu
8.Xala-Merino II: 2 puntu
12. jardunaldia
Retegi Bi Rezusta – Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 22:00etan, Munitibarren. ETB1)
Irujo-Barriola / Artola-Albisu (larunbatean, 17:30ean, Gasteizen. laSexta)
Berasaluze II-Zubieta / Xala-Merino II (larunbatean, 17:00etan, Iruñean)
Olaizola II-Beroiz / Oinatz-Aretxabaleta
Jardunaldi ederra izan da asteburu honetakoa Binakako Txapelketan parte hartzen ari diren pilotari sakandarrendako. Hiru jardunaldi segidan galdu ondoren, Ezkurdia-Zabaletak 12-22 irabazi zieten Xala-Merinori, eta Berasaluze ordezkatzen zuen Elezkanok eta Zubietak 19-22 hartu zituzten menpean Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria. Finalerdirako sailkatu dira Berasaluze eta Zubieta, eta hanka ia bertan dute Ezkurdiak eta Zabaletak.
Ostiralean, Donibane Garazin, Ezkurdiak eta Zabaletak azken hiru asteetako porrotei buelta eman zioten eta euren zortzigarren garaipena lortu zuten Xala eta Merino 12 tantotan utzita. Sakandarrak partida hasieratik izan ziren nagusi, eta berehala hasi ziren Xalari eta Merinori aldea ateratzen. Azken hauek, gainera, akats asko egin zituzten. Zabaleta bikain egon zen atzeko koadroetan, eta bi dejada egiteko aukera ere izan zuen. Garaipen honekin, sakandarrak dagoeneko ia matematikoki sailkatuta daude finalerdietarako.
Bilbon jokatutako partidan, partida erdialdera arte parez-pare aritu ziren Berasaluze ordezkatu zuen Danel Elezkano eta Aitor Zubieta eta Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria. Atzeko koadroetan Aitor Zubietak ez zuen beste batzutan bezala agindu, astean barna sukarrarekin bueltaka ibili baita eta haren eraginengatik ez baitzegoen ohiko sasoiarekin. Untoriak ere ez zuen aurreko asteetako maila eman, eta, hortaz, partida aurreko koadroetan erabaki zen. 9-7 aurreratu ziren Bengoetxea eta Untoria, baina une horretan hasi zen Elezkanoren erakustaldia. Bera ezker esku bikainari esker, partida hautsi zuen 1-11ko partzialari esker, eta 10-18 aurreratu ziren Elezkano eta Zubieta. Bere pilota azkarragoei esker Oinatzek eta Untoriak erantzun zuten, baina azkenean, 19-22 irabazi zuten Elezkanok eta Zubietak. Lan horri esker, 9. puntua eta finalerdietarako sailkatzea lortu zuten.
Zubieta kontentu
Aitor Zubieta kontentu zegoen partida bukaeran. “Orain bai, matematikoki barruan gaude eta oso pozik. Partida gogorra izan da, guk pilota astunak hartu genituen, mugitzeko zailak zirenak, eta horiekin ongi ibili gara. Ni egun txarrak pasatzetik nator, nahiko kaxkal, sukarrarekin eta birusarekin bueltaka. Baina nahiz eta beste batzuetan bezainbat ez eman, lanean saiatu naiz, pilota kentzen. Eskerrak Danelek ikusgarri jokatu duela, erasoan eta defentsan ikaragarri aritu da. Pablok eta nik berari eskertu behar diogu puntu hau. Orain, lanean jarraitu eta ongi errekuperatzea da kontua, finalerdietara sasoitsu iristeko” adierazi zuen Aitor Zubietak.
Datorrena
Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldian, Ezkurdiak eta Zabaletak Retegi Bi eta Rezusta izanen dituzte aurkari Munitibarren. Ezkurdiak eta Zabaletak matematikoki sailkatzeko 9. garaipena lortu nahiko dute, baina Retegi Bi eta Rezusta irabaztetik datoz eta peleian jarraitzeko asmoa dutenez, irabaztera aterako dira. Lehia konplikatua aurreikusten da. Eta dagoeneko sailkatuta dauden Berasaluze IIak eta Zubietak, soilik bi puntu dituzten Xala eta Merino II.a izango dituzte aurkari. Xalak eta Merinok iraudi ona eman nahiko dute, eta horregatik arerio arriskutsuak izango dira lanak eginak dituzten Berasaluze eta Zubietarendako.