Zabaleta: “Finalerdietara sailkatu gara eta oso kontentu gaude. Baina ligaxka bukatzeko geratzen diren bi partidetan irabaztera atera behar dugu”

Guaixe 2015ko mar. 12a, 10:35

Ezkurdia-Zabaletak eta Artola-Albisuk atzo aukeratu zuten materiala, Zestoan

Ostiralean Binakako hasierako ligaxkako 13. jardunaldiko partida jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak, Artola eta Albisuren kontra, Zestoan. Atzo material aukeraketa egin zuten.

Ezkurdiak eta Zabaletak lasaitu ederra hartu dute Binakako finalerdietarako sailkatu direlako. Egun, sailkapeneko buruan daude. Dena den, bikote sakandarrak ez du erlaxatu nahi, eta finalerdiak hasi baino lehen hasierako ligaxka despeditzeko geratzen diren bi partidetan lanean gogor jarraitu nahi dute, finalerdietara joko puntu egokiarekin iristeko.

“Lehendabizikoa finalerdietarako sailkapena lortzea zen, hori lortu dugu eta kontentu gaude. Ligaxkako bi partida hauek gure jokoa hobetu eta bikote bezala hobeago aritzeko aprobetxatuko dugu. Guk ez dugu begiratzen arerioek zer duten jokoan, gu irabaztera atera behar gara, betiko tentsioarekin, gure konfiantzari eusteko eta finalerdietara bolada onarekin heltzeko” nabarmendu zuen Zabaletak. Artola eta Albisuren kontrako partida oso gogorra izango dela aurreikusten du etxarrendarrak. “Egun txapelketako biko sendoena dira. Biek izugarri jotzen dute eta euren erasoei aurre egiten saiatu beharko gara, Josebak tantoa bukatzeko aukera izan dezan” gaineratu zuen.

Berasaluze II-Zubietak gaur aukeratuko dituzte pilotak
Berasaluze II.a eta Aitor Zubieta etxarriarra finalerdietarako sailkatuta daude. Igandean Irujo ordezkatuko duen Altuna III.a eta Barriola izango dituzte aurkari Bilbon. Material aukeraketa gaur 11:30ean egingo dute Bizkaia pilotalekuan.