Asteburuan maukak Sakanako stock azokan

Guaixe 2015ko mar. 27a, 11:34
Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko kideak stock azokaren aurkezpenean.

Larunbatean, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:00etara eta martxoaren 29an, igandean, 11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara Altsasuko Burunda frontoian.

Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak antolatu du aurrenekoz Sakanako Stock Azoka. Altsasuko (2008, 2009, 2011 eta 2013) eta Etxarri Aranazko (2008 eta 2011) esperientzien ondoren, ibarreko establezimenduak elkartzen dituen elkarte berriak bi ekimenak bateratu ditu. 17 establezimenduk 23 standetan euren maukak eskainiko dituzte asteburuan. Haietatik hiru Etxarri Aranazkoak dira eta gainontzekoak Altsasukoak. Haiekin guztiekin batera Bidelagun elkarteak bere berri emanen du stand batean.

Altsasuko Burunda pilotalekutik pasatzen direnak adin guztietako pertsonendako jantziak, etxerako altzari txikiak eta dekorazioa, umeendako altzariak, oinetakoak, burdindegiko materialak, apaingarriak, liburuak, papergintza edota betaurrekoak opatuko dituzte prezio tentagarrian. Krisiak urritutako erosmen ahalmena berdintzeko aukera.


Azokan egonen dira
Asensio Moda, Iñaki Oinetakoak, Gertu Sakana, Gorosti decoración, Iker Kirolak, Joselen, Kaxeta, Kume, La Cigüeña, Larka emakumea eta gizona, Lasa Kirolak, Arkatz liburu-denda, ML emakumezkoen moda, ML gizonezkoen moda, Sakana optika, Pinpilinpausa haurren moda, Tu tienda especial eta Txikitxo.


Pintxo potea eta kafea
Azokak iraun bitartean frontoiko tabernan pintxoa eta potea bi eurotan izanen dira. Bestetik, stock azokan 30 euroko erosketa egiten duten guztiek Akeita kafetegian kafea dohain hartzeko txartelak jasoko dituzte.




Igone Prieto Gorospe
Elkarte antolatzaileko kidea

Sakana Stock Altsasun.
Bai, estreinaldia Altsasun izanen da, baina hurrengo edizioetan ibarreko beste herri batzuetan izanen da.

Zer moduz antolakuntza?
Aurretik eskarmentua dugunez, establezimendu guztiek badakigu zer egin behar dugun.

Zergatik stock azoka?
Batetik, Sakanako komertzioak ezagutzeko aukera bat delako. Modak agintzen du. Biltegian duguna heldu den urtean merkeago atera dezakegu. Baina bi urte barru modaz erabat pasata dago. Batzuei inporta zaie, besteei ez. Biltegian gordetzen dugun guztia galerak dira. Horregatik, hobe da stock azoka egitea eta produktuak 5 edo 10 eurotan salgai jartzea hautsa jaten izatea baino. Lehen mailako kalitateko produktu berriak eskuratu daitezke asteburuan.

Sakanako elkartea, zer moduz?
Jende berria gogotsu sartu da. Herrietako jendea lan handia egiten ari da. Orain kide berriak hartzeko kanpaina egiten ari gara herriz herri. Bakarren batek kide egin nahi badu hona jo behar du: Irurtzunen Lorena (Frutis fruta-denda), Lakuntzan Tania (Tania arraindegia), Etxarri Aranatzen Ander (Kaxeta), Altsasun Igone (La Cigueña), Maru (Tu tienda especial) eta Yoli (Txikitxo) eta Olatzagutian Pako (Pako harategia).

Zergatik egin behar du establezimendu batek elkarteko kide?
Elkarrekin ez bagaude ezin izanen dugu indarrik egin. Udalak, mankomunitatea, Nafarroako Gobernua… borrokatzeko asko dago. Elkartuta egonda handiek txikiak jan ez gaitzaten indar egin dezakegu. Elkartzea da etorkizuna nire iritziz. Denetarako: esperientziak trukatzeko, kanpainak elkarrekin egiteko… Azokan informazio mahaia egonen da.

Laguntzarik duzue?
Etxarri Aranazko eta Altsasuko udalek emandako laguntza eskertzen dugu. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ere badu. Baina diru-laguntzak oso berandu iristen ari direnez, aurten ez da azokaren inguruan jarduera osagarririk.



Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko zuzendaritza
50 bat kide ditu elkarteak. Altsasuko Dendari Elkarteak egiten zituen ekimen guztiak egiten ari dira, arrakastaz: azaokotea, stock azoka, Guaixe bitartez kanpainak, boletoen kanpaina eginen da… Prietok esan digu pozik daudela duten erantzunarekin.

Ilbeltzaren 29an egindako bileran elkarteak bere zuzendaritza berritu zuen. Tania Ganboa lakuntzarra da presidentea (Tania arraindegia). Elkarteko zuzendaritzan, gainera, Ander Muñoz (Kaxeta, Etxarri), Bali Asensio (Asensio, Altsasu), Ibone Prieto (La Cigüeña, Altsasu), Iñaki Arana (Iñaki oinetakoak, Etxarri), Dolores Urkijo (Sabando etxea, Etxarri) eta Juncal Arregi (Erosle, Lakuntza).


Altsasuko Dendari Elkartea
Dendariek  euren jardun handiena Sakanako elkartearen bidez eginen dute. Baina feriak, inauteriak, ikuslearen eguna… halako gauzak laguntzen segituko du ADEk. Otsailaren 18an berritu zen elkarteko zuzendaritza. Ibone Prieto (La Cigüeña) da burua. Harekin batera ardura dute: Yolanda Fernandez de Garaialde Lazkano (Txikitxo), Maria Jesus Fernandez (Pinpilinpausa), Patxi Artigas (Xagu), Maru Garcia (Tu Tienda), Amaia Bengoetxea (Akeita) eta Alberto Anguiano (Txartel), azken hiruak bokalak dira.