Zubieta finalera

Guaixe 2015ko api. 13a, 08:59

Nahiz eta Zabaleta partidako onena izan, Berasaluzek eta Zubietak irabazi zuten finalerdia, beteranotasunak ematen duen esperientzia alde

Asko zegoen jokoan atzo Eibarren. Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren kontra Binakako final handian nor lehiatuko zen erabaki zen Astelenan. Alde batetik, Joseba Ezkurdia eta Jose Jabier Zabaleta, txapelketa luze eta gogorrean ordezkorik gabe partida guztiak jokatu dituen biko ikusgarria. Eta, bestetik, Pablo Berasaluze eta Aitor Zubieta, txapelketa honetarako propio sortutako bikoa, Aspek Asegarceri Zubieta Binakakorako utzi baitzion. Finalerdi ikusgarrian, badirudi esperientziak balantza bere alde eman duela eta Berasaluze II.ak eta Zubietak lortu dute finalerako sailkatzea (22-15).

Zabaleta, onena
Zubietaren ezker eskuak nola erantzungo zuen, hori zen partidako kezketako bat. Izan ere, Zubietak atzerapena eskatu zuen, aurreko partida eskuak nahiko justu zituela despeditu zuelako. Baina enpresek ez zioten baimenik eman. Larunbatean goizean jokatzea erabaki zuen etxarriarrak, eta, egia esan, sekulako partida jokatu zuen, Jose Javier Zabaleta atzelari handiari erantzuteko gai izan zelako. Eta hori asko esatea da, Zabaletak izugarri jokatu zuelako. Berasaluzek eta Zubietak ez zuten aparteko partidarik jokatu, baina irabazteko gai izan ziren, beteranotasunak ematen duen esperientziagatik. Ezkurdiari eta Zabaletari heldutasun gehiago falta izan zitzaien, lehenengoari batez ere. Arbizuarrari urduri sumatzen zitzaion, hasieratik. Ez zen kantxan eroso egon, akats potoloak egin zituen eta Zabaletari lan gehiago jarri zion. Izan ere, Zabaletak aurreko koadroetara joan behar izan zuen sarritan Ezkurdia laguntzera, partidaren zama ia gehiena bere gain hartu zuen eta egindako lan izugarriarengatik lehertuta bukatu zuen. Bera izan zen, inolako zalantzarik gabe, partidako onena, baina hori ez zen nahikoa izan partida irabazteko.

Berasaluzek eta Zubietak aldea atera zuten hasieratik (7-2). Ezkurdiak jokaldi bikainak akats handiekin tartekatu zituen. Aurreko koadroetan abantailarik ez zutela jakitun, Zubieta zigortzen hasi ziren Ezkurdia eta Zabaleta. Atzelari etxarriarrak ahal zuen moduan erantzun zuen, baina Ezkurdiari eta Zabaletari arerioek lortutako abantaila txikitzea izugarri kosta zitzaien. Gainera, Ezkurdia geroz eta urduriago jartzen hasi zen. Hala ere, 11ra berdintzea eta 13-14 aurreratzea lortu zuten sakandarrek, bereziki Zabaletak egindako lan ikusgarriari esker. Berasaluzek eta Zubietak eusten jakin zuten. Partida bukaeran Zabaleta nekatzen hasi zen eta Berasaluze aurreko koadroetan pilota topatzen hasi zen. Hori hasi zen bizkaitarraren erakustaldia. Haren gantxoekin, dejadekin eta pilotakadekin 22ra iritsi ziren Asegarcekoak, eta 22-15 gailendu ziren Bengoetxea eta Zubieta. “Aste honetan oso gaizki pasatu dut eta horregatik asko emozionatu naiz. Oso kontentu nago” zioen etxarriarrak partida bukaeran.

Ezkurdia eta Zabaleta, jota
Lehertuta eta jota bukatu zuten Ezkurdiak eta Zabaletak. Nahiz eta finalera ez heldu, sekulako txapelketa egin dute Ezkurdiak eta Zabaletak. Txapelketako partida guztiak jokatu dituen bikote bakarra izan dira eta sekulako maila eman dute. Zalantzarik gabe, Etxarrengoa izan da txapelketako atzelaririk onena.

Finala: apirilak 26
Finala Bilboko Bizkaian jokatuko dute Oinatz Bengoetxea-Alvaro Untoria eta Pablo Berasaluze-Aitor Zubieta Asegarceko bi bikoek. Berasaluzek bere hirugarren finala jokatuko du –ez zuen txapelik lortu– eta Zubietak bere bigarrena. 2010ean Xalarekin Binakako txapelduna izan zen etxarriarra, eta ea bigarren txapela ekartzen duen.