Anaitasunarako deia

Guaixe 2015ko api. 24a, 09:30

Kontseiluko kideek larunbateko ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diete euskaraz bizi nahi duten herritarrei. Larunbatean, 18:30ean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

#Ap25aNAHItasuna from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.

Euskaraz bizitzeko nahia. Hori da larunbatean Anaitasuna kiroldegian bilduko direnek elkar lotuko dituena. Nahi horri errealitate bihurtzeko egunero lan egiten dute euskalgintzako kideek eta makina bat pertsonek ere. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi duenez, “guztiok batera urte luzetan egin dugun lanak ekarri gaitu hona. Euskararen normalizazioaren motorra izan dira eta oztopoen aurrean haiek eman digute guri aurrera egiteko indarra, adorea eta kemena”.

Bilbaok gaineratu duenez, “biharko ekitaldiaren helburuetako bat euskaraz bizi nahi duten pertsona guztiei, euskararen normalizazio prozesuan protagonista nagusiak izan direla esatea da. Hori eskertu nahi dugu. Eta aurrerantzean ere hala izan dadin gonbidatu nahi ditugu”. Kontseiluko buruak nabarmendu duenez, Anaitasunatik “Nafarroan behar dugun aldaketa bultzatzeko adorea eta kemena berrindartuta lanean jarraitzeko konpromisoa hartuko dugu”.

Aldaketaz
Kontseiluko idazkari nagusiak argi adierazi nahi du: “Nafarroan eman behar den aldaketa hizkuntza-politikak iraultzetik etorriko da. Hizkuntza-politiketan erroko aldaketarik gabe ez da aldaketarik egonen”. Larunbatean egin beharreko bidea zehaztuko dute Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Nafarroako Mahaiak.

Hizkuntza normalizazioak ikuspegi politikoa eta soziala dituela nabarmendu du Bilbaok. Horretarako lau zutabe aipatu ditu: corpus juridikoa, plangintzak, baliabideak eta herri gogoa. “Azken hori ziurtatuta dago. Euskaraz bizi nahi duten herritarrak lanerako prest ditugu eta euskalgintzak hori aktibatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartua du”. Gainontzeko hiruak, arlo politikoari dagozkio eta horiek, ardura politikoak dituzten horiek bete beharrekoak direla nabarmendu du Bilbaok. “Guztiok ditugu ardurak prozesu honetan eta bakoitzak bete behar du dagokion mailan”.

Ekitaldia
Biharko ekitaldia “berezia” izanen dela aurreratu du Bilbaok. “Gure burmuinean iltzatuta geratzen diren gertakari horietako bat izanen dela pentsatzen dugu. Guztiok izango gara protagonista, normalizazio prozesuan izango garen bezalaxe. Lanean jarraitzeko energia berrituak emango dizkigunak”.

Bat egin dute
AEK, Berria, EHE, EKE, Elkar, Emun, IKA, NIE, UEMA, Sortzen, Topagunea, Tokikom, Nafarroako Bertsozale Elkartea, UEU eta lan, kultura eta kirol arloko makina bat eragilek eta norbanakok.