IGO literatura bidaiara

Guaixe 2015ko api. 24a, 13:54

Egitasmoak euskarazko literatura sustatu eta liburuak merkeago erosteko aukera ematen du.

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo. Eta egun seinalatu horretan abiatuko da Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa, garagarrilaren 30era arte iraunen duena. Topaguneak, euskaltzaleen federazioak antolatu du IGO egitasmoa euskara elkarteen, liburutegi publikoen eta liburu-dendekin batera; Sakanako Mankomunitatea babeslea da.

IGO egitasmoaren izeneko hizki bakoitzeko pauso bat eman beharko du hartan interesa duenak. Lehenik, liburutegi publikora joan eta euskarazko liburu bat maileguan hartu behar da. Hura irakurriz gozatu ondoren, liburutegira bueltatzerakoan fitxa bat bete eta trukean erosketa txekea bueltan jasoko du parte-hartzaileak. Hura Martxueta  (Irurtzun), Beriain (Arbizu), Kaxeta (Etxarri Aranatz), Arkatz eta Liburunda (Altsasu) liburu-dendetan aurkeztuta euskarazko liburu bat merkeago erosteko aukera izanen da. Erositako liburua senide bati, lagun bati edo norbere buruari oparitu ahal dio.

%25eko eta %50eko deskontua
Liburua erosteko erosketa txekea %25eko beherapena izanen dute egitasmoko parte-hartzaileek. Sakanako euskalgintzako taldekideek (Bierrik fundazioko babesleak, esaterako) eta mintzakideak liburuak prezio erdian erosteko aukera izanen dute. Txartelak garilaren 5era arte erabil daitezke liburu-dendetan.