Ezkurdia eta Zubieta buruz burukoan

Guaixe 2015ko api. 29a, 10:30

Arbizuarrak Arretxe II.a izango du aurkari igandean Oionen eta Zubieta final zortzirenetan sartuko da lehian

Binakako txapelketako finala jokatu berritan eta oraindik atseden ere hartu gabe, Aspek eta Asegarcek asteburuan martxan jarriko den Buruz Burukoaren aurkezpena egin zuten asteartean Bilboko la Caixan. 16 pilotarik jokatuko dute pilotako txapelketa erregean, tartean bi sakandarrek: Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Binakako txapeldunorde Aitor Zubieta etxarriarrak.

Ezkurdia Arretxeren kontra, igandean
Txapelketa asteburuan hasiko da. Albisuk Rezusta izango du aurkari ostiralean Zumarragan, eta irabazleak Xala izanen du zain final zortzirenetan. Larunbatean, Naiaran, Untoriak eta Altuna III.ak jokatuko dute, eta Aitor Zubieta etxarriarra izanen dute zain hurrengo fasean. Jaunarena eta Artolak igandean jokatuko dute Legazpin eta irabazleak Beroizen kontra jokatu beharko du. Bukatzeko, Iker Arretxeren kontra ariko da Ezkurdia igandean Oionen. Irabazlea Oinatz Bengoetxearen kontra ariko da final zortzirenetan. Final laurdenetan Irujo, Olaizola II.a, Urrutikoetxea eta Retegi Bi sartuko dira lehian.

Aitor Zubieta final zortzirenetan sartzea harritzekoa da, baina Aspek hura deitu behar izan du, Barriolaren eta Zabaletaren azken orduko bajak tarteko. Jose Javier Zabaletak orkatiletan arazoak ditu eta horregatik ez da txapelketan ariko.  

Polemika
Aurkezpenak izan zuen ere polemika. Izan ere, Aimar Olaizola izango da zerrendaburuetako bat. Berak hartuko du Mikel Idoatek eskuko lesioaren erruz utziriko final-laurdenetako tokia. Iazko sailkapenari kasu eginez, final-laurdenetan kanporatutako pilotari batek bete behar zuen toki hori. Olaizola II.a hala izan zen, baina bazeuden bera baino emaitza hobea lorturikoak. Iazko emaitza errespetatu izan balute, Xalak beharko zukeen zerrendaburu. Hala ere, enpresek Olaizola aukeratu dute. Nonbait, aurten aldaketa egin dute arautegian. Aurreko urteetako sailkapena lehen lau sailkatuei mantentzen zaie bakarrik eta horietako bat bajan badago, pilotari horren enpresak erabakiko du hura nork ordezkatuko duen.