Oinatz Bengoetxeak bidean utzi zuen Joseba Ezkurdia, izugarri sufrituta

Guaixe 2015ko mai. 11a, 11:08

Buruz buruko final zortzirenetan 22-20 gailendu zen leitzarra, partida lehiatu eta gogorrean

Joseba Ezkurdia buruz burukotik kanpo geratu da, baina oso gutxigatik. Bera eta Bengoetxea VI.aren kontrako partida lehiatua izan zen, bikaina. Bi pilotariak parez-pare aritu ziren eta tanto ederrak eta ikusgarriak eskaini zituzten. Gogorra izan zen lehia, erritmo handikoa, bi pilotariak airez izugarri sartu baitziren jokatzera. Arbizuarraren boleak eta sotamanoak ikusgarriak izan ziren eta Bengoetxeak bere errepertorio guztia erabili behar izan zuen Ezkurdiari eusteko.

Ia sorpresa ematekotan egon zen arbizuarra, 18-20 aurreratuta egon baitzen partida gogor eta lehiatuan. Baina azken txanpan leitzarrak 22-20 gailentzea eta buruz buruko final laurdenetarako sailkatzea lortu zuen, Ezkurdia bidean utzita. Hori bai, izugarri kosta zitzaion Oinatzi. Bere bost atsedenaldiak agortu zituen, ondoren aldageletara sartu zen medikuaren laguntza eskatuz eta arnasestuka bukatu zuen partida, bizkarrean oinazeak zituela eta polemika tarteko.

Polemika
Izan ere, Joseba Ezkurdiak epaileekin haserre bukatu zuen. Arbizuarrak salatu zuen leitzarrak bere bost atsedenaldiak agortu eta gero bi minutu pasa erretiratu zela aldageletara, eta inork ez zuela ezer esan. Epaileei autoritate eskasa izatea leporatu zien. Oinatzek barkamena eskatu zuen. “Sentitzen dut kaltetu badut, ulertzen dut bera haserre egotea, baina aldageletara sartu naiz gaizki nengoelako” adierazi zuen eleitzarrak. “Epaileek nahi zuena egiten utzi diote. Tuntun aurpegiarekin noa” esan zuen, aldiz, arbizuarrak.

Gaur Zubieta-Altuna III.a
Gaur buruz buruko final zortzirenetako azken partida jokatuko da Tolosako Beotibarren, 16:30etik aurrera. Aitor Zubietak Altuna III.a izango du aurkari. Ea txapelketan gelditzen zaigun ordezkari sakandar bakarrak aurrera egiteko aukera duen.