Aritz Munarriz: "Dispertsioaren afera larria dela ikusita, zerbait egitea eskatzen zidan barrenak eta horrela sortu da erronka"

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2015ko eka. 19a, 08:10

Aritz Munarriz eta Mikel Mundiñano
Larunbateko Dispertsioaren Kontrako Erronkaz

1.Aritz larunbatean dispertsioaren kontrako erronka eginen duzu. 12 orduz jarraian Etxarriko Hartzabal dermiora igoerak eginen dituzu. Zergatik erronka hori?
Batetik, beti gustatzen zaigu gorputzaren limiteak opatzea. Ni mendian korrika hasi nintzenean Hartzabaleko mendian hasi nintzen, gora eta behera. Txoko horrengatik beti sentitu dut zerbait berezia eta beti pentsatu izan dut zerbait egiteko leku aproposa izan daitekeela. Beti izan dut nire buruaren kontra erronka bat egiteko ideia, eta ikusita presoen dispertsioaren afera larria dela, izan ere lagun bezala espetxeetara joatea tokatzen zait, barrenak eskatzen zidan zerbait egin behar nuela eta horrela sortu da erronka.  

2.Geroz eta kirol proba gehiagok ematen dute konpromisoak hartzeko aukera, Lasterbidean lasterketak, esaterako. Kirolariek konpromisoak hartzeko joera gehiago duzue?
Aritz: Honbre, nik aukera hori baliatu dut, konpromiso bat hartzeko. Kiroletik elkartasuna adierazi daiteke, eta nire kasuan menditik.
Mikel: Gizartea bera eskatzen ari da jendeak konpromisoak ematea. Kirolariak beste talde edo eragile bat dira hainbat pausu eman ditzakete aldarrikapen horien alde. Momentua da.

3.12 ordu Hartzabalen gora eta behera korrikan egotea gogorra da, baina presoen senideen larrutan jarriz, zer da 12 ordutan gora eta behera egotea haien egoerarekin konparatuta?
Mikel: Aritzek Sare eta Sarekideak taldera etorri zenean hori zuen buruan. Bere buruaren kontrako erronka bat egin nahi zuen, baina zerbaiten aldeko apustu bat edo konpromiso bat emanez. Berak egin behar duen aldapa pila igotzearen erronka erabat lotuta dago senideak eta lagunak eramaten duten dispertsioaren zama horrekin. Antzekotasun asko dauzkan bi erronka dira. Batetik Aritzena, pertsonala. Bestetik, irudikatzea dispertsioa ze nolako aldapan gorako borroka bat den. Gogortasun hori islatzen da berak egingo duen horretan eta daukagun errealitatean. Etxarrin 7 preso ditugu eta senide eta lagunok astebururo kilometro pilo bat egiten dituzte eurak bisitatzeko, horrek dauzkan arriskuekin eta kostuekin. Errealitate hori mahai gainean eta herritarren gainean jartzeko aukera polita eman du Aritzek bere erronkarekin.

4.Nola antolatu duzue erronka?
Mikel: Xumea izan behar zena azkenean kristorena izango da. Aritzekin hitz egin ondoren 5-8 lagunen artean lan taldea sortu genuen Saren honi forma egiteko. Larunbatean goizeko 7tan hasi eta arratsaldeko zazpietaraino Hartzabalen gora eta behera ariko da Aritz. Hartzabal mendiko magalean, biltegi zaharreko inguru horretan 0 gunea prestatu dugu. Helburua jendea han biltzea da, Aritzi eta hari lagunduko dioten kirolari eta herritarrei babesa emateko. Karpa jarriko da, barra txiki bat, musika pixka bat, kamisetak saltzeko… giroa sortuko da. Jendeak nahi badu ikusi edo parte-hartu hara agertu dadila. Kotxeak uzteko parkinga antolatuko dugu. Bestalde, udaletxeko estalopean proiektore antzeko bat jarriko dugu eta mendian dagoen jendeak bidalitako irudiak eta argazkiak han proiektatuko dira. Kronometroa martxan egongo da, eta Aritzek buelta bat ematen duen bakoitzean suziriak jaurtikiko dira. Goizeko 7:00etan herrian ekitalditxo bat egongo da, plazan, eta ekimena despeditzerakoan, herrira heltzerakoan, parte hartu duten guztiei eskerrak emateko eta senideei eta presoei aipamen berezia egiteko beste bat.

5. Aritz ez zara bakarrik egongo. Igoera bakoitzean alboan jendea izango duzu, eta zerrenda luzea da.
Aritz: Igoeran laguntzeaz gain, eurek ere dispertsioaren kontrako atxikimendua adieraziko dute. Ondokoak dira: Aitor Zubieta pilotaria, Imanol Goñi, Aitziber Ibarbia, Uxua Irigoien, Joanes Goitisolo, Nouredin, Fiti, Ainhoa Lendinez, Javi Dominguez eta Xabier Zarranz mendi korrikalariak, Sakana Bizirik mendi taldeko kideak, Gorka Verdugo txirrindulari ohia, Peio Martinez de Eulate eta Oskar Lasa pilotari ohiak, Yanira Aristorena eta Maite Ruiz palistak, Ekaitz Maiz, Alex Txikon eta Gorka Karapeto eskalatzaileak, Goizeder Beltza aizkolaria, Etxarri Futbol Taldekoak, Mikel Navarro eskalatzailea, koadrilakoak…
Mikel: Eta nahi duten guztiak gehitu daitezke Aritz laguntzera eta dispertsioaren kontrako bere konpromisoa adieraztera. Horretarako, 0 guneko mahaian dagoen zerrendan izena eman beharko du eta pergamino bat sinatu. Hori nolabaiteko baimena izango da Aritzi laguntzeko. Edozeinek egin dezake igoera Aritzekin. Helburua ahalik eta konpromiso gehienak lortzea da.

6.Aritz, horrenbeste jende ondoan egoteak ez dizu trabarik emango?
Ez, ke ba, eurak atzean izateak indarra emango dit. Ez soilik etxarriarrak, Sakanatik jende asko etorriko da. Nire buruaren kontrako erronka da, baina erronkaren zergatiak motibatzen nau eta gehiago kargatzen nau. Ilusio asko ematen dit.

7.Gauza txiki bat zena nola handitu den!
Aritz: Bai, ez nuen espero, baina ongi dago. Gauza polita izango da eta oihartzuna izango duena, dispertsioaren egoera zabaltzeko.
Mikel: Ekimenak atentzioa hots egin du eta entzuten denarengatik ematen du jendeari polita iruditu zaiola, originala eta jendeak erantzungo duela.

8.12 ordutan zenbat gauza buruan… Hartzabalera zenbat igoera dauzkazu kalkulatuta?
Aritz: 12 ordu… azkenean badira baina… egingo dugu! Zenbat igoera? Zerbait etortzen zait burura baina ez dut gehiegi pentsatu nahi. Igual hainbat pentsatzen duzu, ikusten duzu ez zarela iritsi behar eta buruak esaten digu: geldi. Gauza 12 orduak betetzea da.

9.Entrenamendu berezirik egiten ari zara?
Aritz: Urte hasieratik gabiltza entrenatzen, karrerak egiten… Azkeneko hilabetean buru belarri jarri naiz honetara baina entrenamendu zehatzik ez dut egin. Beherakada txikiren bat ere izan dut. Kostatu zait baina buelta eman diot.

10.Ibilbidea nola egongo da? Lohiez beteta?
Aritz: Ongi. Nahiago dut hezetasun pixka batekin egotea, lehorra badago lurra harria bezala jartzen delako, gogor gorra. Nire gusturako horrela hobe.

11.Sakandarroi zer dagokigu egitea?
Mikel: Atzo bezainbeste eta gehiago. Herri hau lanean eta martxan dago, dispertsioaren kontra, presoen eta iheslarien eskubideen alde eta gatazkaren konponbidearen alde, baina behar duguna da konpromisoak hartzen jarraitzea, eragilez-eragile eta norbanakoz-norbanako, hau konpondu nahi badugu. Ezin dugu gehiago onartu gure senideak hain urruti egotea. Lehen pausua da presoak Euskal Herrira ekartzea eta hurrena denak etxean izatea. Horretarako erronka asko dauzkagu aurretik bidean.
Aritz: Bai, pausoz-pauso. Larunbatean nirekin igo nahi duenak eman dezala izena. Ea erronka honekin iristen garen Etxarriko presoak dauden kartzeletara, ea entzuten diguten eta hemendik besarkada bat eurendako. Eskerrak eman nahi ditut animu guztiengatik eta baita Sare taldeari, egiten ari den lanarengatik. Eskerrak denoi. Egurre, beharko dugu.