Etxepare Saria Añorgarendako eta Mitxelenarendako

Guaixe 2015ko uzt. 2a, 18:41
Etxepare sariketan sarituak.

Gerlari handia albumarekin saria 2006an eskuratu ondoren, atzera ere, saria lortu dute Pello Añorga idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak. Biek ere eskarmentu handia dute. 80ko hamarkada erdialdean hasi ziren elkarlanean. Aurten sariketara aurkeztutako 18 lanen artean epaimahaiak Munstroek pixa egiten dute ohean izenburua duena aukeratu du. Egile eskubideen aurrerapen modura 5.000 euroko saria eskuratu dute. Pamiela argitaletxeak albuma udazkenean argitaratuko du.

Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute. Saritutako lanaz esan dute: “unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan beldurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da, azkenean. Testua eta irudiak elkar josita datoz, jolasa motor eta emozioa kide direla. Musika darie hitzei eta bizia irudiei”. Aldi berean, hirukoak uste du “irudien plano eta perspektiba aldaketa bat datoz testuaren erritmoarekin. Garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala eransten diote”. Piztiak bizi diren lekuan Maurice Sendaken obra klasikoari keinu egiten diola ere aipatu dute.  

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Nafarroako beste hainbat erakundetakoekin batera antolatzen du Etxepare Saria. 2004an abiarazi zuten lehiaketa. Euskaraz sortutako album ilustratuei bultzada emateko sortu zen, izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Albumen ekoizpena ere garestia da eta horregatik sariaren zati ere bada albumaren argitaratzea.