Haurrak Aralarko goiaingeruari hilaren 19an aurkeztuko dizkiete

Guaixe 2015ko uzt. 2a, 19:27

Aralarko santutegian daude izen emate-orriak.

Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak haurrak Aralarko goiaingeruari aurkeztu eta haren musua jasotzeko ekitaldia antolatu du. Hamabigarren edizioa izanen da aurtengoa. Edozein adineko haurrei zabalik dagoen ekitaldia dela nabarmendu dute kofradiatik. Ekitaldia hilaren 19an izanen da, igandean, meza nagusiaren barruan.

Elizaren egungo araudiak haurrak euren parrokietan bataiatu behar direla dio. Guraso askok santutegiarekiko lotura handia dute eta hura seme-alabei transmititzeko eta mantentzeko modua da haurren aurkezpena, kofradiatik azaldu digutenez.

Garilaren 12a baino lehen izena ematen dutenek ekitaldiaren ondoren haurraren izen-abizenak, San Migelen lagun izendapena duen eta haren bizi guztirako babesa eskatzen dion pergamino bat jasoko du. Hilaren 12aren ondoren izena ematen dutenak edo ekitaldira bertara joaten diren haurrek pergaminoa jasotzera Aralarko santutegira igo beharko dute agorrilaren 2tik aurrera.