Ttunttunero garaia

Guaixe 2015ko uzt. 3a, 08:40
Etxarriko txistulariak aurtengo San Adrianen.

Udako festekin batera txistu doinuak batean eta bestean entzunen dira. Eta hari lotuta, dantza izanen da ere. Sakanako folkloreari eta kulturari lotutako musika tresna horren inguruan gehiago jakiteko Rafael Goñi Lazkano txistulariarengana jo dugu.

Hiru zulodun txirulak munduan barna barreiatuta dauden instrumentu bat dira. Gurean txistu izenez ezaguna da. Goñik esan digunez, “milaka-milaka urte atzera eginda, jo izan dira instrumentuak. Batez ere, makila edo hezurrekin eginak agertu dira. Euskal Herrian, behintzat, Isturitzeko kobazuloan agertu dira. 35.000 urte inguru dituzte”. Etxarriko txistulariak esan digunez, “Mesopotamian, Asirian, Sumerian… lirak, harpak… jotzen ziren. David erregeak lira jotzen zuela kontatzen da. Erromatarrek metala sartu zuten… Musika beti jo da.

Duela 800 urteko argazkia atera du. Nafarroako eta Errioxako eliz banatako harrian zizelkatutako bi emakumezko musikari. “Orduko txistuak oso motzak eta oso agudoak izanen ziren. Ttunttun apal-apal bat dute, pandero baten bezalaxekoa. Erdi Aroan Europa guztian jo zen”. Hiru zulodun txirulak esku bakarrarekin jotzen baitira. Hark sortzen du melodia. Beste eskuarekin erritmoa sortzen du musikariak. “Beti. Andaluziako la flauta del Rocio, Extremaduran, Salamancan, Zamoran… gaur egun ere halaxe jotzen dute. Orokorrean gure txistua baino luzexeagoak eta desafinatuagoak ere dira. Ez du hemengoaren zera hori. Ttunttunak ere, guk erabiltzen dugun danbolinak baino handiagoak dira normalean. Esku batekin melodia eta bestearekin erritmoa. Ez dute hemengoaren indarrik, baina hor daude. Denak, argi eta garbi, Erdi Arotik heldu direnak”.

Eta dantza
Tradizionalki, “dudarik gabe”, txistua dantzarekin lotuta egon da. Zein dantza mota ziren jakiterik ez dago. “Gaur, adibidez, Euskal Herriko dantzarik zaharrenak soka dantzak, zortzikoak, ingurutxoak, dantzakia, larrain dantzak, alkate dantzak… Izen asko dauzka. Denek ezaugarri bat dute, Erdi Arokoak direla. Dantza hasi behar denean zubia egiten da. Ezaugarri hori du gaur egun Euskal Herri guztian. Zubia egin eta dantza hasi”. Zubiaren esanahia “garbia” dela azaldu digu Goñik: “kontrola. Ea sokan zein heldu zen. Baldin eta baldin bazan ijitoa, agotea, judua edo gaizki ikusiren bat… zubia jaitsi eta sokatik kanpo. Ez zen onartua dantzan”.
 
Jotak eta porrusaldak geroagokoak dira. “Joan Ignazio Iztuetak txistulariak jotzen ari zirenarekin eskandalizatuta zegoen orain dela 200 urte. Arin, arinari Bizkai-dantza deitzen zion. Ilustrazio garai horretan, nik uste, gaur egungo dantza asko sortu ziren. XVIII. mendean garapen handi bat izan zen”.


Altsasuko txistulariak aurtengo San Pedro ospakizunean.

Zainduta
Txistulariena kolektibo “oso kontrolatua” zen. “Garai guzti horretan, ilunabarrean ama-ezkilak jo eta denak etxera. Gaua beldurgarria zen”. Udalek kontratatzen zituzten musikari haiek, “baldin eta ilunabarreko zera hori betetzen ez bazen, ez kobratzeko eta behar bada giltzapean bukatzeko aukera zuten”. Garaiaren “gogortasuna” nabarmendu du Goñik.

XVIII. mendearen hasieran Nafarroako gotzainak apaizei dantzatzea galarazi zien. “Ordura arte apaizek zortziko, dantzaki edo dena delakoa dantzatzen zuten”.  Sokaren puntan herriko etxalderik onenetako semeak, alkateak, apaizak dantzatzen zuten. Nafarroan prozesioetan ere dantzatu egiten zen. “Gotzain batek moztu zuen. Gizonezkoek bakarrik”.

Orduko elizgizon eta politikoek Balmasedan bilera egin zutela aipatu digu Goñik: “zer heldu zen ikusita, soka dantzan eskuak lotuta ibiltzea galarazi zuten, tartean zapia sartzea behartu zuten”. Jose Maria Satrustegik horren inguruan egindako lan bat aipatu digu: “harrez gero dantza zela eta euskaldunen artean kezka ugari sortu ziren. Beste modu batera dantzatzen bazen, hura bekatua edo muga ote zen. Batzuendako dantzatzea, nolabait esateko, kontzientzia kargua bihurtu zen”. Hala ere, udalen kontuetan musikariei egindako ordainketak agertzen segituko dute, “festetan ezinbestekoa” baita dantza.

Izenak eta hobekuntzak
Artxiboetako agirietan hiru zulodun txirulak jotzen dituzten pertsonak, gizonak, jular, tamborino edo silbo izendapenarekin ageri dira. Administrazioaren hizkuntza idatzia gaztelania zen eta hala jaso zuten idazkariek. Goñiren ustez 1860 urtearen inguruan hasi zen txistulari izena zabaltzen. Silbotea ere berehala sortu zela nabarmendu du.

Beste izendapen bat ere badu musikari horrek: ttunttuneroa. “Guk, Etxarrin, txikiak ginela ez genuen jo txistua esaten, jo ttunttuna baizik. Askotan entzun dut”. Herri kantu bat gogora ekarriz esan digu: “ttunttuna festa! Argi eta garbi!” Zuberoan txirularekin batera jotzen den perkusio sokadun instrumentuari ere ttunttuna deitzen zaiola gaztigatu digu.

Joan den mendean Javier Hernandez Arsuagak eta Jose Ignazio Ansorenak txistua moldatu egin zuten. Ordura arte kalibratu eta afinatu ezin zen instrumentua baitzen. Pixka bat luzatuta eta Fa-n afinatu zuen. Horren ondorioz, gaur egun txistua beste edozein musika tresnarekin batera jo daiteke. Eta horrela ere kontserbatoriorako ateak zabaldu zitzaizkion. “Sekula ez bezalako teknika duen txistu bandak ditugu gaur egun”, nabarmendu digu Goñik.

Burundar Txistulariak Altsasun kalejiran. Lehen lerroan, erdian, Goñi silbotea jotzen.


Goñi, txistularia
Etxarriarra erromerietatik eta festetatik erretiratuta dago: “puntan ez. Atzetik-atzetik, pixka bat laguntzen dut”. Bakaikun zortzikoa joko du eta Altsasun ere ariko da. “Frankotan, baina beti laguntzen”. Gogora ekarri duenez, Euskal festak izan ziren Etxarri Aranatzen 20ko edo 30eko hamarkadan. “Gaiteroak aurretik egon arren, orduan dantza talde bat sortu zen. Gerrarekin dena pikutara joan zen”. Bere ustez, “Etxarrin gaita nagusi zen. XIX. mende akaberatik Karasatorretarrak martxan zeuden. Haiek gaitarekin urte asko eta onak eman zituzten”.

Goñik bederatzi urte zituen eta garaiko “mutiko pila bat bezala” solfeoa ikasten zuen eta haien eskutan “txistuak erori” ziren. “Gogoan dut jo genuen lehen aldia 10 bat urte izanen nituela. San Ignazioren erlikia Etxarri Aranatzera etorri zen. Guk taldetxoa orduantxe sortua genuen. Bidegurutzetik elizaraino lagundu genion txistua jotzen”. Txistulari talde hark askoren arreta piztu zuen. 11 urte zituela Goñi eta beste haur txistulari etxarriarrak uda batez Beizaman, Astigarragan eta Hernanin jo zuten. “Zuzendari hura bota egin zuten eta txistuarekin umezurtz gelditu ginen. Hortxe moztu zen guretako”.

Urte batzuk pasa ziren eta Udaberri mendi elkartea sortu zen. “Ateratzen ginen aldiero beti txistua eramaten genuen. Urtean zortzi-hamar aldiz ateratzen ginen eta beti txistuarekin. Batere aurrerapenik gabe, baina lotura bai”.

Soldaduskan zegoela txistua joz konpainian “oso popular” izan zen. Lizentziatzeko garaian, Frantziara bi hilabete eta erdiko bira batera joateko aukera izan zuen. “Galtzeko ezer ez eta joan eginen naiz”. Donibaneko Etorki dantza taldearekin “txistulari heldua ez nintzelako estualdi latzak” pasa zituela esan digu Goñik. “Han nengoela egun asko lau ordu jo eta fuego ematen txistuari. Kontzertuko bi partitura ikasi beharra. Hasiera batean ez nintzen gauza. Xelebrea da esatea, baina txistularia, ni Frantzian egin nintzen. Parisen, Bruselan, Londresen… kanpoan, bazterrak ederki estututa”.

Etorkiren bira hartan dantza talderako jo zuen orokorrean. “Baina profesional gisa prestatutako ikuskizuna zen. Bi une zehatz zeuden, bi minutu eta erdi hirukoak, dantzariak aldatu beharra zutenak. Antzokietako gortinen aurrera atera, nonbaitetik kanoi bat argi eta, benga, hik bakarrik jo zak!”  Bi partitura jotzen zituen: Intxaustiren Kontrapas bat eta Artzain kantak. “Partitura jantziak. Gaitasuna duen txistulari batendako, bikainak”.

Bira bukatu eta etxera bueltatu zen. Zortzi bat urtez txisturekin ez zuen erabat eten. 1972an Etxarri Aranazko abesbatza sortu zen. “Han muturra sartu eta han ateraldi gehienetan txistua. Patxi (Villanueva) apaizarekin (zuzendaria) jotzen genuen: I. kalez kale, II. kalez kale, Baserritarra… Txistuak abesbatzan bere tokia zuen”. Emanaldien akaberan hartzen zuen txistuak tokia. “Gehinetan Benancio koinatuak atabala jotzen zuen”. Batzuetan biak bakarrik aritzen ziren.

Etxarri Aranazko abesbatzaren aurreneko hamar urteak ikusgarriak izan ziren. Kontzertu eman eta sari asko lortu zituen abesbatzak. Orduan “herrietako festetara joan, meza nagusian kantatu, gero kontzertutxoa eman… pasa da bat. Gaur egundik begiratuta zuek jota zeundeten esateko modukoa!” Zuten giroa eta urtean egiten zituzten irteera pila ditu gogoan.

Orduz geroztik txistura lotuta dago. Altsasun bizi da eta Esther Irisarri hil ondoren “zera bat gelditu zen. Zerbait hastea erabaki genuen, txistua pixka bat ateratzeko eta hor gabiltza Burundar Txistulariak taldean. Urtean emanaldi pare bat egiten ditugu. Herri txikietan ere eman dugu”. Taldean burundarra ez den bakarra da bera. Sakanan txistuaren sokari “tirada” eman nahi dio: “guk jaso dugun moduan ondorengoei utzi diezaiegun ahal den osasun onenarekin, ahal bada”.

Erlazionatuak