Agirietako txistularien aipamenak

Guaixe 2015ko uzt. 3a, 08:37
Urdiaingo txistulariak kalejiran San Juan ermitarantz.

Txistuaren doinuak batera eta bestera zabalduko dira uda partean Sakanan. Aspaldiko kontua da hori. Eta hala azaleratu du Migel Angel Sagasetak. Urdiaingo apaiza, eta txistularia, bere historia ikerketetarako makina bat alditan jo du artxiboetara. Informazio bilaketa horietan beti opatu du txistularien aipamenik eta, aleka-aleka, haiek jaso ditu. Jaso eta txistularien artean zabaldu. Rafael Goñi Lazkanok helarazi dizkigu guri. Jular eta tamborino aipamenak dira artxiboetakoak, txistularienak. Hona hainbat historia aipamen.

1530-03-12 Otsailean sute batek Etxarri Aranazko etxe guztiak erre zituen. Eliza eta jauregia (mojen eraikina dagoen tokian zegoen) salbatu ziren soilik. Aipatu egunean 84 herritarrek batzarra egin zuten, alkatea buru zela. Bileran Martin Garcia, “tambolino” zegoen.

1530-07-15 Notifikazio baten lekuko gisa azaldu zen Martin Garcia.

1537-05-23 Arbizurekin zuten auzi bategatik Etxarri Aranazko 130 herritarrek egindako bilera batean izan zen Martin tamborin.

1539-21-19 Agiri batean aipamena: Miguel Ventura, Lizarragako tambolin-a.

1542-05-16 Ergoienakoen esku dagoen gutun batean aipatzen dira: Miguel tambolin Lizarragan eta Martin tambolin-a Unanun.

1542-08-17 Unanutik Batzarramendira joandako 32 herritarrren artean Martin tambolin zegoen.

1546-11-13 Ubitarteako lur-sail baten auzian agertzen da Lakuntzako Martin Garcia, tamborin.

1573-10-13 Tolosan gari karga bat saltzen (kontrabando susmoa) ikusi zuten Arruazuko Martin, chulubitaria-ren semea, arbazuarra.

1602-05-07 Joanes de Sarobek deklaratu zuenez, “ledanien aurreneko egunean ergoendar asko Etxarrin gelditzen dira, jolasean eta edanean, dantzan eta jublarean gehiegikeriak eginez eta euren etxeetara oso berandu bueltatzen dira”. Lakuntzako zirujaua zen Maese Joan de Arbizuk esan zuenez, “gurutzea gelditu ondoren, lehen egunean Etxarrin olgetan eta jublareen musika eta dantzekin entretenitzen gelditzen dira” . Hirugarren egunean asko Lakuntzan gelditzen dira, beste batzuk Arbizun, “jaten eta edaten eta jublareen musikarekin eta dantza lizunekin ongatuz.

1609-10-01 Pedro de Etxarri eta Francisca de Torranoren ezkontza kontratua egin zen. Gizona, Cristobal bere aitaren modura, tamborin-a zen. Emaztea Migel de Torrano eta Maria de Lakuntza lakuntzarren alaba zen. Adostutakoaren arabera, “tamborin ogibidearekin Pedrok festetan eta goizetako alboradak joz lortutako garia berarendako eta bere emaztearendako izanen dela”.

1628-12-24 Narbarteko Leon de Arizkun, tambolin, eta Marina de Errazkin etxarriarra ezkondu ziren.

1644 Martin de Arbizu ziordiarrak Puyko festetan jular eta tamborin-arekin egindako lanagatik 12 erreal kobratu zituen.

1647-1655 Aldi horretan Ascencio de Inza ziordiarra Puyko festetan presente izan zen. 1648an tamborin eta flauta zeraman Pedro de Lizalderekin joan zen. Azken urtean, ziordiarrak 12 erreal kobratu zituen.

1650-08-15 Auzi batean aipatzen denez, arratsaldean, Etxarri Aranazko Andra Mari ermitaren inguruan jular baten doinura gazte jende asko dantzan zebilen. Dantzakia gidatzen zuena Don Bernardo de Artieda zen eta azkena D. Juan de Agirre, sotanak jasoz.

1650-08-19 Auzi baten zatia. Ikasle eta apaiz batzuk Etxarrin bizi zen Intzako Martin de Iriarteri, jular, haiekin bandoa ematera joateko eskatu zioten.

1667-06-17 Uharte Arakil eta Baraibrren arteko auzi batean Joanes de Irañeta, tamborin, aipatzen da.

1682 Urdiaingo kontuetan Trinitateko festetarako ekarritako tamborinarendako 8 erreal eta San Pedrotarako 4 errealeko ordainketak ageri dira.

1683 Pedro Elizalde, Bakaikuko tamborin-a hilik agertu zen Urdiainen. Udalak 54 erreal gastatu zituen. Urte bereko San Pedroko meza eta tamborinagatik Urdiaingo Udalak 34 erreal ordaindu zituen.

1688-06-08 Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo udal agintariek Santa Marinan sainduaren egunean eta Trinitatearen egunean festak ospatzen zituztela adierazi zuten. Herri bakoitzak tamborin bana eramaten zuten eta dantzak direla eta gazteen artean “diferentziak eta pendentziak” izaten direla azaldu zuten. Erabaki zuten prioren herriak eramanen zuela tamborina eta meza ondoren izanen zela dantzaldia.

1690 Santiago egunerako eraman zuten xularrari 8 erreal ordaindu zizkion Bakaikuko Udalak.

1690-10-14 Unanuko bikario Juan de Mirandak unanuarrei 326 gari erregu mailegatu zien. Juanes Etxeberriari, jular, 13 erregu.

1692-06-24 Mikaela de Gorritxo, Unanuko Danbolinanekoa etxekoa.

1694 Urdiaingo Udalaren kontuetan, San Pedron aritu zen tamborina ordaintzeko 4 erreal bideratu ziren.

1694-01-19 Fermin de Juanbelzek deklaratu zuen Bakaikuko Pedro de Elizalde, jular, eta bere emaztearendako etxea egin zuela.

1695 Urdiaingo Udalaren kontuak. Trinitatean 20 erreal, tamborina barne. Eta Joaquin Ostizari, tamborin, 4 erreal Berrenoako harria ekartzeko lerengatik.

1697-05-28 Auzi baten zatia. Santa Marina ermitara igo ziren ohi bezala eta urdiaindarrek euren tamborina eraman zuten eta dantza gidatu eta dantzatzen saiatu ziren. Bi talde sortu ziren: bakaikuarrak alde batetik eta iturmendiarrak eta urdiaindarrak bestetik. Lehengoek 1688ko autoa ekarri zuten gogora.

1698 Urdiaingo Udalaren kontuetan: Trinitate eta Santa Marina jotzeagatik 16 erreal Joaquini, tamborin.

1701 Notaritzako ohar batean: Francisco Goikoetxea, herriko tamborina, aipatzen du. 1729ko bere heriotza agirian jular aipatzen da.

1704 Trinitate eta Santamarinako ardoa eta tamborinagatik 49 erreal.

1704-04-14 Martin de Jauregik eta Mikela de Mitxelosabak 1580an Unanuko kapilautzarendako utzi zutenaren inbentario berria egin zuten. Aurreko inbentarioa 1672koa da. Egun horretan egiten denean Juanes Etxeberria, jular, Dambolin etxea eta Migel de Arzaren Dambolin zahar etxea aipatzen dira.

1706-10-31 Altsasun hartutako erabakia: gazteak beste edozeinek jularraren edo neskatxen kantuen doinura soilik plazan dantzatu dezakete soilik. Urte guztian ezin da ama-ezkilak jo ondoren dantzatu, patroiaren eguna izanda ere. Are gutxiago iluntzeko ezkila doinu horien ondoren Otadiako Kristo Deuna eta San Juan ermitetara jularrarekin dantzatzera joatea. Edo kantuekin bada ere. Mutilendako isuna 4 errealekoa zen, 8koa neskendako. Urdiainera eta Olatzagutira egiten ziren prozesioetan ere jular eta kantuen doinura dantzatzea debekatu zieten gazteei.

1708 Urdiaingo Udalaren kontuak: San Pedrorako 29 erreal eta beste 5 tamborinarendako.

1710 Santa Marinarako 25 erreal, tamborraren soldata barne.

1710 Joaquin Ostiza julareari 8 erreal Santiago egunean.

1711-02-18 Juanes de Etxeberria jularea eta Maria de Unanua senar-emazteak Juan de Miranda jostunari San Andres ermitari itsasia dagoen lur saila 20 errealetan saldu zioten.

1714 Urdiainen Joaquin Ostiza tambolina zegoen.

1716 Santa Marinagatik 8 erreal ordaindu zitzaizkion tamborinari.

1719 Joaquin Ostiza tamborinari Trinitate eta Santa Marina egunetan jotzeagatik 16 erreal ordaindu zizkioten.

1719 Lakuntzan Korpus eguneko dantzariei 8 erreal eta 6 marabedi eman zieten (antxumea eta erregu erdi ogi) eta bi erreal Martin de Egues julareari.

1722 Trinitatean jotzeagatik tamborinak 16 erreal jaso zituen.

1723 Urdiaingo San Pedron jotzeagatik tamborinak 8 erreal jaso zituen.

1725 eta 1728 16 erreal ordaindu zizkioten tamborinari Trinitatean eta Santa Marinan jotzeagatik.

1729 Migel Ostiza iturmendiarrak, tamborina, Mateo Buzuetari bi lur-sail 81 errealetan saldu zizkion.

1741-03-24 Martin de Egues jularearen alargun zenaren Mª Bautista Muruaren ondasunen inbentarioa egin zen hura hiltzean.

1758-04-04 Esteban de Artieda, Joseph de Beltza, Francisco de Erdozia eta Jose Manuelk Arin gazte etxarriarrek Amezketako Ignacio de Bengoetxea jularea urte guztiko jai egunetan jotzeko kontratatu zuten.

1767-03-03 Auzi baten bidez jasoa. Ihoteetan Antonio Telletxea jularraren doinura puska biltzean aritu ziren Etxarriko gazteak.

1785 Etxarriko San Kiriko, San Adrian eta Andra Mari ospakizunetan jotzeagatik julareak eta tamborrak 42 erreal eta 18 marabedi kobratu zituzten. 1786an eta 1787an ere ordainketak egin ziren.

1824 Iturmendiren errolda egin zen. 462 biztanleen artean Martin Angel Ezponda zegoen. Lakuntzarra sortzez dambolintero ogibidea zuen.

1831-01-22 Etxarrin 1816 eta 1826 urteen arteko kontuak eman zituzten. Julareagatik, San Kiriko, San Adrian eta Andra Mari egunengatik, urtero, 354 erreal.

1827 eta 1828 Etxarriko San Kiriko eta San Adrian ospakizunetako julareari ordainketak, 12 eta 22 erreal.

1839 San Kiriko ospakizunagatik 12 erreal tambolinari.

1840 San Kiriko eta San Adrian ospakizunengatik 24 erreal tambolinari.

1841-11-10 11 pertsonek alkatearen etxea behartu, Pedro Ignacio Jaka alkateari eta Santiago Jaka erregidoreari harrikada bana eman, eta aipatu etxetik zeuden musika tresnak atera zituzten.

1843 San Kiriko eta San Adriango ospakizunetako tamborinari 28 erreal ordaindu zizkioten. 44an eta 45ean 26 izan ziren eta 16 46an.

1858 San Kiriko eta San Adrianen jotzeagatik 20 erreal tamborileroari eta beste 12 jakietarako.

1859-06-16 Etxarrin, tamborinteroarendako eta berak jateko 14 erreal.

1860 28 erreal Etxarriko bi ospakizunetan tamborileroak jotzeagatik eta beste 14 Ama Birjinan egunean jotzeagatik.

1885 Etxarriko San Kirikon txuntxuna jotzeko Martias Martiz uhartearra deitu zuten.*

*Barranca-Burunda. Rafael Carasatorre Vidaurre. 1993. Autoedizioa.

Erlazionatuak