Sakanako Euskalgintzaren Bilgunea ikasturte berrira begira

Guaixe 2015ko uzt. 2a, 19:45
Sakanako Euskalgintzaren Bilgunearen aurreko bilera batean izandakoak.

Irail akaberan edo lastailaren hasieran elkartuko dira Sakanako Euskalgintzaren Bilguneko (SEB) kideak. Ikasturtea hasia dela, bilera horretan eragile euskaltzale bakoitzak 2015/2016 ikasturterako dituzten lan ildoak azaldu eta SEB modura elkarrekin zerbait egin dezaketen aipatuko dute. Bestelako gaiak ere osatu dezakete gai ordena.

SEB joan den urte akaberan sortu zen. Sakanak euskalgintzaren bilgune baten beharra ote zuen gogoeta egiteko bilera deialdia egin zen Etxarrin. “Helburua eskualdean euskararen aldeko borrokan ari diren talde, eragile eta norbanakoak elkartu eta esperientzia trukaketa eman eta elkarren berri izatea genuen helburu, bakoitzaren erakundearen egoera hurbiletik ezagutuz”. Lehen bileran eragilearen nondik norakoak azaldu ziren.

Euskalgintzak Sakanan dituen indarguneak eta ahulguneak atzeman aztertu zituzten eta elkarrekin lantzeko moduko lan ildoak antzeman zituzten. Saretu beharra ere argi gelditu zen eta horrela sortu zen SEB. “Indargune eta komunikazio  kanal zabala sortzea lortu dugu, eskualde osoa hartzen duena, eta oraindik ere kontaktu berriak saretuko ditugu bertara”.

Bigarren bilera
Otsailaren 21ean elkartu zen SEB bigarrenez eta Kontseiluak apirilaren 25erako kanpainaren berri eman zien. Kanpaina ezagutzera emateko berri emateko Sakanarako kartel berezituak egin ziren. Udal hauteskundeei begira dekalogo bat osatu zuten alderdiei bidali zietena eta EH Bilduren erantzuna besterik ez zuen jaso. Hauteskundeen ondoren beste bilera bat egitekoak ziren, baina ikasturte berrian egitea hobetsi dute.