“Zurgina zurgintzan, harginak hargintzan"

Lourdes Ganboa Gartziandia 2015ko uzt. 17a, 08:00

Gaurko hau, nire azken artikulutxoa izango da. Esperientzia polita izan da, kuriosoa nola Guaixerako idatzi behar nuen gehienetan, nire haurtzaro-nerabezaroa zetorkidan burura. Ziur aski, erabat Sakanan bizi izan naizen garaia delako. Bestalde, beti nahiko idatzi pertsonalak atera izan zaizkit, uste dut.

Baina hau ez da nahikoa halako zutabea idazteko, kalitate gehiago behar dela uste dut, hala forman nola edukian, eta niri gero eta zailagoa egiten zitzaidan idaztea. Bestalde, komunikazio arazo teknikoak zirela eta, ezin izan nuen bidali artikulu pare bat. Hau “seinale”-tako hartu nuen eta Alfredok garilerako idazteko esan zidanean, berehala hasi nintzen bilatzen “zapatero a tus zapatos” nola esango ote zen euskaraz, horixe nahi bai nuen izenbururako.

Eta, hara non, Gotzon Garateren liburu batean esanahi hori duten 15 euskal atsotitz aurkitu ditudan. Hona hemen horietako batzuk: “Arotza, ferratzera”; “Jostuna jostera, okina labera”; “Nere ta Ana, nor bere lana”; “Soinularia, dantzari gaixtoa”; “Txori bakoitza bere adarrera”….. Beraz, argi dago nire asmoa, ezta?
Nire lagun argentinarra, Mary, agurtzen hasi nintzen, akordatzen? Duela 100 urteko Sakanaz aritu gero. Ondoren San Saastinen txanda izan zen eta azkenik, nire barruko udazkenari ezin agur esan. Gaurkoa, berriz, agurra.

Ardura eta plazera izan da. Mila esker nire burutazioak irakurtzeko astia hartu duzuenendako. Ongi izan.