74 sakandar kayak jardunaldian

Guaixe 2015ko uzt. 30a, 10:49

Irurtzungo igerilekuak hartu zuen Mank-ek antolatutako kayak jardunaldia

Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak udako kanpainaren barruan asteartean Irurtzunen antolatutako kayak jardunaldiak sakandarren interesa piztu zuen. Nabarmentzekoa da 74 haur eta gaztek eman zutela izena jardunaldian. Eguraldia lagun, Irurtzundik kanpo ekitaldira gerturatu zirenak autobusez egin zuten joan etorria eta jardunaldia borobila izan zela azpimarratu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. “Sakanako zenbait herritako 74 haur eta gaztek hartu zuten parte kayak jardunaldian eta giroa bikaina izan zen Irurtzungo igerilekuetako instalazio bikainetan. Ongi pasatu zuten guztiek. Nabarmendu  nahi nuke Ane, Aitor, Iraitz eta Anne monitoreek emandako laguntza udako kanpainako ekitaldi guztiak antolatzeko orduan. Gurasoek ere oso ongi baloratzen dituzte udako igerilekuetan antolatutako jarduera hauek eta aurten, gainera, eguraldi bikaina izan dugu ekitaldi guztiak antolatzeko garaian. Pozik gaude erantzunarekin” nabarmendu du Gerrikagoitiak.