Iruñeko Itzulia Etxarrin

Guaixe 2015ko abu. 4a, 12:44

XXIX. Iruñeko Itzuliko 2. etapa hartuko du Etxarrik asteazkenean, 17:00etan

Etxarri Aranazko festek bigarren urtez jarraian jubenilen mailako Iruñeko Itzuliko etapa hartuko dute. Zehazki XXIX. Iruñeko Itzuliko 2. etapa hartuko du Etxarrik agorrilaren 5ean, asteazkenarekin, 17:00etan eta Aralar Txirrindularitza Klubak antolatuta. Jakina, Burunda eta Aralar Txirrindulari Klubetako txirrindulari sakandarrak lehiatuko dira bertan.

89km-ko etapa ederra
Ibilbidea aurreko urteko bera izanen da. Etxarritik aterata, Arbizura joango dira, Lizarragabengoatik pasa eta Etxarriraino iristeko. Ondoren, Etxarren Arakileraino joko dute, buelta hartu eta Arbizutik atzera ere Lizarragabengoatik pasatzeko. Ondoren, Etxarritik Lizarragarantz eginen dute, Lizarragako portua igo eta Arbizutik jaisteko. Berriro Lizarragabengoara jo eta Etxarritik pasa ondoren, Lizarragarantz joko dute, Unanura heldu eta Arbizurantz jaisteko. Lizarragabengoatik pasa eta gero, Etxarri Aranazko helmuga izango dute helburu txirrindulariek, 89 km-ko proba osatu eta gero.

Juniorren 29. Iruñeko Itzulia agorrilaren 4an hasiko da, asteartean, Iruñeko Gaztelu Plazan hasi eta Mutiloan despedituko den 83 km-ko etaparekin. Bigarren etapa Etxarrik hartuko du, hirugarrena Sarrigunenek (87 km) eta laugarrena eta azkena, agorrilaren 7an jokatuko da, ostiralean, Iruñeko Santo Domingo kaletik hasi eta El Redinen despedituko dena (83,5 km). 2014an Etxarriko proba Mikel Alonsok irabazi zuen eta 3. Postuan Burunda klubeko Ibai Azurmendi sailkatu zen. Iruñeko Itzulia Huescako Jaime Castrillok irabazi zuen eta Azurmendi 15.a sailkatu zen, bigarren nafar onena.