Ezkurdia-Zubieta ez ziren profetak izan

Guaixe 2015ko ira. 14a, 10:20
Logroñoko San Mateoak prestatzen ariko dira sakandarrak aste honetan.

Nahiz eta sakandarrak Altsasuko partidan bukaerara arte aurretik egon, Irujo eta Merino II.a gailendu ziren tanto eskas baten aldearekin

Altsasuko Burunda frontoiak itxura bikaina erakutsi zuen igandean. Aspek antolatutako jaialdiak ikusmin handia piztu zuen eta giro paregabea izan zen. Joseba Ezkurdia eta Aitor Zubieta pilotari sakandarrek bikoa osatu zuten, Martinez de Irujoren eta Merino II.aren kontra egiteko. Partida bikaina aurreikusten zen eta horrela izan zen.

Jaialdia zabaltzen zuen partidan Retegi Bi eta Merinori 13 eta 22 irabazi zieten Aritz Lasak eta Larrinagak. Ez zen Retegi Biren egunik onena izan; akatsak bata bestearen atzetik pilatu zituen iruindarrak. Ondoren atera ziren kantxara sakandarrak. Pilota zaleen animuak lagun, Irujo eta Merino II.a irabaztera atera ziren. Eta lortzear egon ziren.

Ongi hasi ziren Ezkurdia eta Zubieta. Hasieratik aurreratu ziren eta bukaerara arte markagailuan aurrean egon ziren, 1 eta 4, 10 eta 11, 13 eta 17 eta 17 eta 19 egon ziren aurreratuta. Irujok kolpe bat jaso zuen behatzean eta errematean ez zen ohi bezala aritu, baina partida bukaeran egoerari buelta eman zioten Irujok eta David Merinok. 19 eta 21 irabazten zuten sakandarrek eta partida 21era berdindu zuten Iberokoak eta Errioxakoak. Azkeneko tanto erabakigarria euren aldera erori zen, eta partida guztian aurreratuta joan ziren sakandarrak saririk gabe geratu ziren.

Orain burua San Mateotan
Asteburuan hasiko da udako azken torneo garrantzitsuena: Logroñoko San Mateo Torneoa. Binakakoan 6 bikote lehiatuko dira, bi multzotan banatuta. Joseba Ezkurdiak eta Aitor Zubietak bikotea osatuko dute Logroñon, eta torneo hori dute helburu. Sakandarrek Gasteizko Andre Maria Zuria Torneoa irabazi zuten agorrilean eta atzera ere txapela jantzi nahi dute, kasu honetan Logroñon.
A multzoan Olaizola-Urrutikoetxea, Bengoetxea-Untoria eta Ezkurdia-Zubieta lehiatuko dira, eta B multzoan Irujo-Barriola, Altuna-Merino eta Victor-Albisu.
Hain zuzen ere, Ezkurdia-Zubieta izango dira lehian sartuko diren lehenak. Bengoetxea VI.a eta Untoria izango dituzte aurkari, hain zuzen ere Logroñoko egungo bikote txapelduna, irailaren 20an, igandean, 17:00etan (ETB1, Nafar Telebista). Galtzaileek Olaizola II eta Urritikoetxea izango dituzte aurkari irailaren 22an, eta irabazleak Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen kontra ariko dira irailaren 24an. Multzo bakoitzeko onenek irailaren 27ko finala jokatuko dute.