Esker mila

Sasoia 2015ko ira. 18a, 08:00

Bai esker mila. Azkeneko bi urte hauetan, SASOIAk ez ditu agertu Guaixen bere iritzi eta ekintzak. Aurten, astekari honetako arduradunak, berriz ere, parte hartzeko aukera eskaini digu eta, lehenik, gure esker ona agertu nahi diogu. Guri dagokigun egunean, hemen agertuko gara ba, berriz ere, gure lanak zuekin konpartitzeko asmoarekin.

Ez da gai faltarik izango. Zoritxarrez, baikor, harro eta itxaropentsu egoteko motiborik ez dago; adi eta kezkati egoteko bai. Jubilatu eta pentsionisten egoerak ez du egin hobera. Gero eta jubilatu gehiago dago pobreziaren muga azpitik. Hamar pentsionistetatik zazpik mila euro baino gutxiago irabazten dute eta hauetatik erdiak ez dira 600 eurotara iristen.

Isilik, ezjakinean, elkartu, gure arazoak konpartitu eta kalera atera gabe ez gaitezke gelditu. Zor zaizkigun eskubideak eta bizi oparo bat arriskuan dauzkagu. Murrizketaren politika azkar ari da bere helburua lortzen. Konbentziarazi nahi gaitu, gaurko egoera ekonomikoak ezin diotela erantzunik eman gure aldarrikapenei, irtenbide pribatuak aukeratu behar ditugula eta gu azpijokoan erortzen ari gara. Konformismoan erortzen ari gara.

Ez da hau SASOIAren irizpidea; gezurretan dabiltza. Pentsioen fondoak arriskuan badaude ez da sistema publikoa ezegokia delako, politika ekonomiko okerrak erabiltzen dituztelako baizik. Eta hau izango da gure egin beharra: lehenengo apurtu iruzurra eta gero elkartu, konpartitu, atera kalera, gizartea sentsibilizatu. Zurekin kontatu dezakegu?