Euskal preso eta iheslariak etxera!

Ane Lizarraga (Ernai), Gaizka Uharte (LAB) eta Maitane Intxaurraga (Sortu) 2015ko ira. 18a, 08:00

Irailaren 25ean Espainiako Entzunegi Nazionala bilduko da euskal preso politikoek Euskal Herriratzeko egindako eskaera formalaren inguruan deliberatu eta ebazteko. Bere garaian "Instituciones Penitenciarias" delakoak ezezkoa eman zien eskaerei eta horren kontra sartutako helegitea da aztertuko dutena zehazki.

Giza eskubide eta beraien legea urratzen jarraituko duten edo ez erabakiko dute funtsean. Beraz, juridikoki planteatu ere ezinen litzakeen erro politikoa duen erabaki bat hartuko dute, eduki judizialez jantziko badute ere.

Beraiek bezain ondo dakigu preso politikoak Euskal Herriratu eta dispertsio politikarekin bukatzeak beraien etxeratzeko bidean urrats garrantzitsua dela. Ez dago arrazoi objektiborik dispertsioa mantentzeko, ez juridikoki, ez giza eskubideen planoan ez eta politikoan ere. Are gehiago, jakinda, euskal jendartearen gehiengoak eta nazio arteko estamentu ezberdinak dispertsioarekin bukatzearen alde egin dutela. Beraz, erabakiak motibazio politiko hutsa izanen du oinarrian; gatazkaren ondorioen atal hau blokeatuta mantentzea askapenerako prozesua inpass batean sartzeko asmoz.

Bezperan, irailaren 24an, arratsaldeko 19:30ean Etxarri Aranazko plazan biltzeko deialdia egin dugu, enkartelada ibiltari bat egiteko, argi eta ozen esanez EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXEAN behar dutela egon eta ez dugula ahalegin horretan etsiko, kalean zein behar den eremuetan lanean eta indarrak biltzen jarraituz.