Itsasi euskaltegiaren mustutzea

Patxi Flores: "Itsasi euskaltegia berritu dugu euskara ikastea erosoago izateko"

Maider Betelu Ganboa 2015ko ira. 18a, 08:15

Patxi Flores, Sakanako AEK-ko arduraduna, Itsasi euskaltegiaren berritzeaz eta gaurko mustutze ekitaldiaz.

1.Gaur mustuko duzue Itsasi Euskaltegi berritua. Azken egun hauek eromena izan dira?
Bai, obrako azken ukituekin bueltaka gabiltza. Kanpaina garaia dela tokatu zaigu obraren azkeneko lanekin: garbiketa, altzariak jarri, material guztia ekarri eta kokatu… Mustutze eguna hurbildu ahala, urduri.

2.Zenbat urte darama Itsasi euskaltegiak Altsasun?
Bi fase daude. 1986an etxe bat erosi zen San Juan kalean, euskaltegia jartzeko. Baina etxe zaharra zen eta ez zegoen dirurik obra potolo bat egiteko. Garai hartan AEK Koordinakundea zen, hau da, euskaltegi bakoitzak bere autonomia zuen, eta Sakanako euskaltegiak ezin zion obrari aurre egin. Horrela, etxe hori saldu egin zen eta Gartzia Ximenezeko AEK-ko egoitza erosi zen, lehen pisuan zegoena. 1996ko otsailean mustu zen, duela 19 urte. 130 metro inguruko pisua zen, 4 ikasgela, irakasle gela, bulego txikia eta erabilera anitzeko gela zuena, komuna barne. Eta orain arte bertan egon gara.

3.Egoitza txikia geratu zitzaizuen?
Bai, txikia eta zaharkitua ere. Nahiz eta azkeneko bost urte hauetan joera aldatu eta jendea goizez ikastera etorri, aurretik jende gehiena arratsaldez etortzen zen euskara ikastera. Espazio arazoak genituen. Irakasle gela ikasgela bilakatzen genuen, udalari gelak eskatzen genizkion… Gainera, bilerak, hitzaldiak eta jolasak egiteko ez genuen tokirik. Lehen pisuan geunden, igogailurik gabe. Zailtasunak genituen. Orain AEK erakunde bakarra da, gauzak zentralizatuta daude. Gure beharraren eskaera egin eta onartu dute.  

4.Beheko bajera erosi eta lehengo pisuarekin batuta espazio zabala du orain euskaltegiak.
Beste leku batzuk ere begiratu genituen, baina beste toki batera joanez gero ikusten genuen gure betiko lokala saltzea oso zaila izango genukeela. Gainera, gure lekua ona da; AEK ikusgarri egiteko kale aproposa da gurea, Gartzia Ximenez kalea, eta jende guztiak badaki non gauden; gure erreferentzia badute. Eta beheko bajera erosi eta pisuarekin lotzea erabaki genuen.

5. Nolakoa da euskaltegi berritua?
Orain sarrera beheko kaletik dauka, ez da lehenengo pisura igo behar. Behin sartuta, eskuin aldera harrera gunea dago eta ondoan irakasle gela. Eta ezker aldean gela anitza dago. Handia da, eta manpara batekin bi espaziotan banatu daiteke. Bertan pantaila jarri daiteke, hitzaldiak eman, klaseak eman… Eskailera batzuetatik lehenengo euskaltegia zenera igoko gara. Goian dena gelatan banatu dugu. Guztira 6 gela daude. Behekoarekin 7, 8tan bihur daitekeena.

6.Orain gela horiek betetzea da erronka. Nola doa matrikulazio kanpaina?
Irailaren 23an despedituko da kanpaina eta 24an hasiko dira klaseak. Kanpaina aurreko urtearen antzera doa kopurutan, ongi. 100 ikasleren bueltan egongo gara. Ea egoitza berriarekin ea jende gehiago animatzen den! Gaur mustuko dugu eta uste dugu honek nolabaiteko bulkada emango diola matrikulazioari. Euskaltegi berria da, kalearen altueran dago eta ikusgarriago daudela uste dugu. Nahi duen guztia pasa dadila euskaltegia eta gure zerbitzua ezagutzera.

7. Euskara ikasteko aukerak ikasleen beharretara moldatzen dituzue, ezta?
Bai, batetik ohiko taldeak daude; batzuk egonkortuta daude eta beste berri batzuk sortuko dira. Beste aukera bat auto-ikaskuntzarena da, ordutegiekin arazoak dituztenendako. Aurten hirugarren edo laugarren urtea dugu eta uste dut goraka doan kontua dela.

8.Ikasleak euskaltegia mustutzeko gogoz daude?
Bai, erakutsi diegu eta gustatu zaie. Gogoz daude.

9. Eta gaur mustutze ekitaldia!
Bai, 19:00etan. Euskalgintzako jendea gonbidatu dugu, Kontseilua, Sakanako euskara taldeak, Udalak, ikasleak eta ikasle ohiak, irakasleak… Aurreskua, zinta mozketa, kantuak eta bertsoak izanen dira eta AEK-ko Nafarroako arduradunak eta nik neuk hartuko dugu hitza. Lau minutuko argazki bideo bat ikusi eta ondoren auzatea izanen da.

10.Sakandarrak gaurko mustutzera gonbidatuko ditugu?
Bai, nahi duen guztia etor dadila, ongi etorria izanen da.

11.Ez da ahaztu behar garrantzitsuena jendea euskalduntzea dela.
Jendeak euskara ikas dezala, hori da garrantzitsuena. Hau guztia berritu dugu euskara ikastea erosoago izateko. Orain ez dago oztopo arkitektonikorik. Ez dago aitzakiarik euskara ikasteko.