San Mateoak ez dira ongi hasi sakandarrendako

Guaixe 2015ko ira. 21a, 09:39

Bengoetxea VI.ak eta Untoriak 22 eta 15 irabazi zieten Ezkurdiari eta Zubietari. Aimar eta Urrutikoetxearen kontra bihar jokatuko duten partidan alde handiarekin irabaztera behartuta daude sakandarrak

Erritmo handiko partida, azkarra izan zen Logroñoko Binakako San Mateoko Torneoa zabaldu zuena. Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoriaren kontra aritu ziren Joseba Ezkurdia eta Aitor Zubieta. Bermeon eskuineko belaunean sentitutako oinazeak sustu batean geratu ziren eta igandean jokatzea erabaki zuen Etxarriko atzelariak.

Ezkurdia Oinatz Bengoetxeari min egitera atera zen, pilotari sekulako abiadura emanez. Partida ona egin zuen arbizuarrak, tanto ederrekin. Hasierako zatian partida bizi-bizi joan zen, eta bi aurrelariek lehia ederra izan zuten eta markagailua bi aldeetara joan zen. Sakandarrak aurreratu ziren, 0 eta 2, baina segituan 4 eta 2 aurreratu ziren Oinatz eta Untoria. Eta horrela ibili zen markagailua, zoratuta. Aitor Zubieta ongi aritu zen, ezkerrarekin bereziki, baina eskuinarekin ez zen horren fresko ibili. Horrela, Oinatzek eta Untoriak 5 tantoko partziala lortu zuten eta 9 eta 5 aurreratzea lortu zuten. Hortik aurrera, nahiz eta Ezkurdia erantzuten saiatu, hobeto asmatu zuten Oinatzek eta Untoriak, eta ez zuten apenas akatsik egin. Oinatz ikusgarri aritu zen: jokoan 11 tanto egin zituen eta sakez bat. Eta nahiz eta Ezkurdiak defentsa bikaina egin eta erasoan ongi ibili, ezin izan zuen Oinatz gelditu. Atzean lehia estua izan zuten Zubietak eta Untoriak.

Bukaeran 22 eta 15 irabazi zuten Oinatzek eta Untoriak. Horrela, Binakakorako finalera sailkatzeko bihar, asteartean, Aimar Olaizola eta Urrutikoetxearen kontra alde handiaz irabaztera behartuta daude sakandarrak.