Ezkurdia-Zubieta San Mateotako Binakakotik kanpo

Guaixe 2015ko ira. 23a, 09:45

Olaizola-Urrutikoetxearen kontra 13 eta 22 galdu zuten sakandarrek

Joseba Ezkurdiak eta Aitor Zubietak ez dute San Mateotako Binakako Torneoko finalerako sailkatzea lortu. Lehendabiziko lehian Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren kontra 22 eta 15 galdu eta gero, asteartean Aimar Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra alde handiz irabaztera behartuta zeuden. Eta ezinezkoa izan zen.

Urrutikoetxea aurrelariak atzelari moduan jokatu zuen aurrean Aimarren laguntza zuela. Atzean nola moldatuko ote zen, hori zen zalantzetako bat. Eta bikain aritu zen Zaratamokoa. Nahiz eta pilotaren batek ihes egin, sentsazio onak utzi zituen.
Lehendabiziko tantoa sakandarren aldekoa izan zen, Urrutikoetxeak Zubietaren pilotakada bat ezin izan zuen itzuli. Partidan joera hori errepikatuko zela uste zutenak oker zebiltzan, Olaizola eta Urrutikoetxea aldea ateratzen hasi baitziren. 8 eta 3 aurreratu ziren, baina sakandarrek berdintzea lortu zuten, Zubietaren jaurtiketa bikainei esker. Nolanahi ere, nahiz eta Ezkurdiak modu ausartean jokatu, Aimar gailendu zen aurreko koadroetan. 15 eta10 aurreratu ziren gorriak, baina Ezkurdiak jokaldi politak egin zituen eta 15 eta 13 gerturatu ziren sakandarrak. Askok uste zuten sakandarrak berriro partidan sartuko zirela, baina gorriak 22ra joan ziren zuzenean. Akaso Zubietari txispa pixka bat gehiago falta izan zitzaion Aimar eta Urrutikoetxea estutzeko. Horrela, 22 eta 13 irabazi zuten Olaizola eta Urrutikoetxeak eta Ezkurdia eta Zubieta San Mateotako finalera pasatzeko aukerarik gabe geratu dira.