PinturaZine

Argiñe Berastegi 2015ko urr. 2a, 08:00

Askotan pintura eta zineaz aritzean pintoreen edota garai bateko korronte artistikoei buruzko pelikula edo dokumentalak etortzen zaizkigu burura. Baina, kontzeptu bi hauen hausnarketa eta esperimentazioan lan interesgarriak egin dituzten artistarik badago. Jarraian niretako esanguratsuak iruditzen zaizkidan bi lan aurkeztuko dizkizuet: “...ene enera baleibu icik subua aruaren...” eta “Gernika”.

Marrazketa eta pinturak artean izaera bera dute. Eta pintura eta zineak komunean dute, halaber, bideratzen saiatzen diren giza beharrekin estu lotuta egotea.

Horren abstraktua den kontzeptu hau ulertzeko, batetik, ezinbestekoa zait Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) lana ezagutzea. XX. mendeko hizkuntza artistikoaren berrikuntzan funtsezkoa den margolari eta zinemagile esperimentala, berrikuntzaren bidean pintura zine bihurtzearen aitzindaria.

1970. urtean “...ene enera baleibu icik subua aruaren...” mundu mailako lehen luzemetrai abstraktua aurkeztu zuen. Pintura, argazkilaritza eta zinean esperimentatzen urteak eman ondoren, 17 hilabetean ekoiztutako 75 minututako lana aurkeztu zuen. Mihisea zeluloidea izanik, eskuz 100.000 fotograma inguru margotu zituen. Soinurik gabeko obra berritzaile honetan eguzkiak, areak eta hezetasunak paper garrantzitsua izan zuten. Izan ere, sortze prozesuan elementu hauek emaitza baldintzatu zuten. Artista honek keinuari ematen dio garrantzia formaren suntsitzea gauzatuz.

Sistiagak zineari buruz egiten duen hausnarketa zine-pintura terminoa definitzea eskatzen du; kontzeptu honek mihisetik askatutako trazu eta koloreak erakusten ditu, euren aldaketetatik bizipen ia mistiko batean murgilduz, kontaketa hauen ezaugarriak edo definizioak materialetatik haratago iristen direlarik.

Bestetik, Angel Sandimasen Gernika (2012) laburmetraia datorkit gogora. 10 minututan Gernikan gertatutako gure historiaren kapitulurik gogorrenetariko bat aurkezteaz gain, Zumetaren izen bereko koadroan barrena murgiltzeko aukera zabaltzen digu artista iruindar honek. Pintura eta zinemaren arteko kontzeptua berrituz, ikusleari Zumetaren margolanean bidaiatzeko gonbita zabaltzen digu.

Honekin guztiarekin, ohiko pintura eta zinetik haratago badagoela zer ikusi, sentitu eta kontatu ondoriozta dezakegu, mundu berri eta interesgarrian murgildu gaitezkeelarik. PinturaZine deitu dut nik.