Ongi etorri

Abian 2015ko urr. 2a, 08:00

Uda osteko lehen idazki honetarako,bero sasoian komunikabideetan behin eta berriz agertu den gaia tratatzea pentsatu dugu. Bai, errefuxiatuez mintzo gara. Grezian gertaturikoak eta gero, (gogoratu hauteskundeak, Syriza, referenduma eta, azkenean, kapitulazioa) udako albiste gehien izan dituen gaia izan da errefuxiatuena. Kasualitatez Greziatik pasatzen dira modan dauden errefuxiatuen biderik nagusienak. Eta modan dauden errefuxiatuez hitz egiten dugu zeren guretzako errefuxiatuen gaia zaharra da eta pasa den udan gertatutakoak harritu eta haserretu egiten gaitu aldi berean.

Inork ezin du zalantzan jarri egunkari eta telebistetan ikusi ditugun irudiak gogorrak ez direnik. Umeak ondartzetan jolasean ikusi beharrean, hilak ikusi ditugu, itsasoaren olatuek astinduak, tren geltokietan, oporretako bidean agur zoriontsuak ikusi beharrean, bultzadak eta negarrak ikusi ditugu ihesean dauden pertsonen artean. Azken finean, aspaldi arazo ezberdinetatik ihesean dauden pertsonek, gure egunerokotasunean tokia aurkitu dute.

Kontua zera da, uda garaiko berri esanguratsua bezala gogoratuko dugun edota, behingoz, munduan hainbeste errefuxiatu mota ezberdin sortzen dituen sistema kapitalista suntsitzaile honekin bukatzeko hautua gizartearen gehiengora hedatzen den. Munduko pertsona guztiek duintasunez bizitzeko eskubidea dute eta pobreziak eta gerrek hori zailtzen dute. Mundu aberatsean bizi garenok baditugu zenbait arazo baina eskuzabalak izan behar dugu okerrago bizi direnekin eta ihesean doazenekin. Elkartasuna ez da moda bat edo bestela galdetu gerra garaian joandakoei edota gerra ostean etorri zirenei edota azken krisialdiarekin berriro gure bailaratik joan behar izan dutenei. Ongi etorri errefuxiatuak eta gora elkartasuna.