Sakanan ur eta haize bidez energia sortzea bideragarria da

Guaixe 2015ko urr. 2a, 09:04
Sakanako Garapen Agentziako Aintzane Iriberri Berrostegieta azalpenak ematen.

Ikerketak proiektu zehatzak aurrera eramateko informazioa eman du.

Eskualdean energia berriztagarrien sorkuntzarako dagoen potentziala aztertzea beharrezkoa jo zen Sakanako Plan Estrategikoa egiterakoan. Sakanako Garapen Agentziak (SGA) egiteko horri heldu dio Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Udalbiltzarekin elkarlanean. Amaia Araizek eta Xabier Ruiz de Larramendik graduondoko ikasketa akaberako lana egin dute Sakanan, praktika programaren bidez. Lehenak uraren bidez ibarrean energia sortzeko potentziala aztertu du. Bigarrenak, berriz, haizearena. SGAk energiaren arloan aurrera eramaten dituen sentsibilizazio eta formazio jardueretako bat izan da.

SGAko energia eta industria arduradun Aintzane Iriberri Berrostegietak baieztatu digu Sakanak dituen aire eta ur baliabideekin energia sor litekeela. “Azterketa hauek oinarriak dira beste proiektuak garatzeko. Zer nolako potentziala dugun badakigu, handia da. Hemendik aurrera biomasa, ura edo haizearen bidez energia lortzeko edozein proiektu aurrera eramateko prest gaude”. Bideragarria denez, Iriberrik udal, biztanle eta enpresei eskua luzatu die, “bertako eredu energetiko iraunkorra bultzatuko duten proiektuak aurrera eraman ditzagun”.

Haize potentziala
Xabier Ruiz de Larramendik azaldu duenez, Sakanak gune batzutan zein besteetan oso haize ezberdinak ditu, eta tokiaren arabera harekin energia sortzeko potentziala dago. Ibarrean kostaldeko haize hezeak eta Lizarraldeko haizeak batzen dira. Burundan, haizea ipar-mendebaldetik sartzen da, boladatsu eta abiadura gutxikoa. Gero Beriainekin topatu eta bitan banatzen da. Ergoienan inbutu efektua egiten du eta konstanteago mantendu eta abiadura handitzen du. Bestalde, Arakilen, Txurregi-Gaztelu inguruan oso aprobetxagarriak izan daitezken hegoko haizeak sortzen dira.  

Ruiz de Larramendik ibarreko hiru puntu zehatz aztertu ditu. Haietako bat da Artxueta mendia, Aralarren. Han abiadura handia eta jarraitua du haizeak. Dagoeneko antenak daudenez, haize-sorgailua jartzeak ez luke hain inpaktu handia izanen. Natura aldetik erreparoak izan daitezkeela ere argi du.

Ur potentziala
Amaia Araizek Arakil eta Larraun ibaietan 18 zentral hidroelektriko zenbatu ditu. Haietatik soilik 6 daude martxan (Irurtzunen bi, Satrustegin, Ihabarren eta Altsasun bi). Martxan ez dauden zentral edo errotak dozena bat dira: Etxarren, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Lizarrusti, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutia. Geldirik dauden 12 horietatik zein diren errentagarri aztertu behar da. Egin beharreko inbertsioa eta zentralek duten ur-emari kontzesioek eman dezaketen potentziaren araberakoa da.

Araizek geldi dauden bi errota aztertu ditu. Etxarri Aranazko Beheko errotaren kasuan, potentzia oso handia du (37 kW). Ikerlariaren arabera, kontsumo puntu desberdinak batuko luken kooperatiba baten bidez, mikrosare proiektu bat eratu daiteke Etxarrin. Urdiaingo Errotainen kasuan, potentzia 9, 7 kW-koa da, eta aprobetxamendua, bertako kontsumo elektrikora eta termikora (bero-ponpa baten bidez) bideratu daiteke. Errotan ekoizpen energetikoaz aparte gizartearendako erakargarria den aisialdiarekin lotutako eskaintza osagarriak garrantzitsutzat jo zituen Araizek.

Egungo legedia
Erregimen bereziko instalazio hauek erregulatzen dituen estatuko azken legedia dela eta, merkatu elektrikora saltzen den energia elektriko berriztagarriaren sorrera ez da errentagarria suertatzen. Horregatik, egindako apustua, auto-horniketara bideratzea da, bai mikro-sareen eraketa bultzatuta edo autokontsumorako kooperatiben sorreren bidez.


Mank-i bi proposamen
Ikerketa orokorrarekin batera, aplikazio zehatzak bilatu dituzte bi ikasleek: Urdalurko urtegiko punpatze estazioan eta Arbizuko hondakindegian. Sakanako Mankomunitatearen bi azpiegitura horietan 20 kW-eko haize-sorgailua jarriko balitz bi azpiegituren elektrizitate kontsumoaren erdia sortuko litzateke. 60 edo 70 mila euro arteko inbertsioa litzateke bakoitzean, 6 edo 7 urteetan berreskuratuko litzatekeena. Iriberrik azaldu digunez, Mank-eko buru Aitor Karasatorre Mugurutza “pozik” zegoen, “emaitzak erakargarriak” direlako. Mank-ek haiek aurrera eramanen dituen aztertuko du.


Biomasa
Sakanako energia potentzialaren lehen ikerketa Lur Geroa enpresak egin zuen 2012an. Haren arabera, ibarrean urteko 15.732 baso-biomasa sortu daitezke. Orduan emandako datuaren arabera, tona bakoitza lehortu, garraiatu eta ezpaltzeak 32,7 euroko kostua luke.