Maizek Uemako zuzendaritzan segituko du

Guaixe 2015ko urr. 5a, 12:29

Udalerri Euskaldunon Mankomunitateak (Uema) legegintzaldi berriko aurreneko batzarra egin zuen Azpeitian, larunbatean. 11 kideko zuzendaritza taldea eta presidentea aukeratu ziren. Azken kargu hori Josu Labaka zinegotzi azpeitiarrarendako izanen da. Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz Ulaiarrek beste lau urtez jarraituko du Uemako zuzendaritza taldean. Zuzendaritzan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ordezkariak daude. Bestalde, EH Bilduko 7 kide, EAJko 3 eta independente bat daude.

Labakak kargua hartu berritan adierazi zuenez, “euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi eta euskararen arnasgune garen guztioi”. Gaineratu zuenez,“lidergoak, ezinbestean, hizkuntza politika berezitua behar du, batetik arnasguneak zaindu eta zabaldu ahal izateko eta, bestetik, gune erdaldunagoak euskarara ekartzeko. Politika berezitu horiek erabaki aurrerakoi eta ausarten eskutik joan behar dute ezinbestean, eta horretarako oso garrantzitsua da udalerri euskaldunak saretzea”. Saretze horretan denen lana beharrezkoa delakoan, Labakak elkarlanean aritzeko deia egin zien erakunde publikoei, alderdiei eta euskalgintzako eragileei.

73
Gaur egun Uemako kide diren udalak, haien artean daude Arbizu eta Etxarri Aranatz.

Bideoa: Urola Kostako HITZA