Villa azkarrena Urbasako Igoeran

Guaixe 2015ko urr. 5a, 13:29

Asturiarrak ehuneneko eskasak atera zizkion Joseba Iraolari. Garikoitz Flores lakuntzarra laugarrena izan zen. Milaka pertsona bildu ziren proba jarraitzera

Sakandarrak 35. Urbasako igoeran
1.Javier Villa (BRC): 3:16.613
4.Garikoitz Flores (BRC): 3:24.221
24.Iban Lopez de Goikoetxea (R5 GT Turbo): 3:55.866
38.Javier Goikoetxea (Clio Sport): 4:06.287
42.Delfin Goikoetxea (Promo Racing Fun Boost GT): 4:07.008
48.Andoni Lopez de Sabando (BMW 320i): 4:13.303
54.Mikel Mendinueta (205 GTi): 4:16.494
71.Iker Askargorta (Golf GTi): 4:41.473
*Erretiratutako sakandarrak: Iker Palacios (Speed Car), Garikoitz Goñi (Megane), Arkaitz Irigoien (R11 Turbo) eta Oier Larrañaga (AX GT).


Azken edizioekin konparatuta, oraindik arrakastatsuagoa izan zen Sakana Motorsport taldeak antolatutako 35. Urbasa Igoera. Parte hartu zuten pilotuengatik hasita –92 zeuden izena emanda, aurreko urtean baino 30 gehiago–, bildu ziren milaka zaleak zirela eta –antolakuntzak 9.000 lagun bildu zirela dio– eta ohiko matxuretatik kanpo inolako arazo larririk sortu ez zelako. Izan ere, Sakana Motorsportek beti zaindu izan du segurtasuna, hori da bere lehenengo helburuetako bat, baina aurten are gehiago landu dute segurtasunaren gaia. “Beti jartzen ditugu eskatzen digutena baino neurri gehiago. Beste urte batzutan segurtasun neurriak bikoitzak izan badira, aurten hirukoiztu egin ditugu” adierazi zuten antolakuntzatik. Izan ere, A Coruñako Rallyan gertatutako istripua oraindik fresko dago eta halako gertaerek beti dute eragina.

Eguraldiak bat egin zuen probarekin eta zaleek ederki eskertu zuten hori. Horrek ere ikusleen presentzian eragina izan zuen. Izan ere, aurreko urteetan baino ikusle gehiago bildu ziren –9.000 antolatzaileen esanetan–. 92 pilotu zeuden izena emanda. Izan ere, Urbasako Igoera Nafarroako Mendi Txapelketarako puntuagarria da eta Sportech Iparraldeko Mendi Openerako baliagarria zen, eta hori parte hartzean izugarri nabaritu zen. Horri Urbasak duen xarma gehitu behar zaio. 1968. urtean hasi zen proba ospatzen, 2008ra arte. Bi urte ospatu gabe egon ondoren, Sakana Motorsportek hartu zuen proba antolatzearen ardura 2011n, eta ordutik aurrera egin du. Aurten 35. edizioa zen.

Lasterketa, oso estu
Olazti eta Zudaire batzen dituen errepidean, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura burutu zen lasterketa, 5,72 km-ko proba. 14:00etan hasi zen entrenamendu ofiziala, kronometratutakoa, eta ondoren bi aldiz osatu behar izan zuten lasterketa izena emanda zeuden ibilgailuak. Tartean 11 pilotu sakandar zeuden. Ohikoa denez, matxura asko izan ziren, auto batzuk ezin izan zuten parte hartu, eta izan zen bidetik atera zen autorik ere, eta azkenean 72 ibilgailu sailkatu ziren eta 13 erretiratu egin ziren. Javier Villa pilotu asturiarra izan zen azkarrena (BRC), 3 minutu 16 segundo eta 613 ehunenekorekin. Ehuneneko gutxitara sailkatu zen Joseba Iraola bizkaitarra (Dedon Car, 3:17.016). Lehia oso estua izan zuten bi pilotuek. Arkaitz Ordokik (Silver-Car) osatu zuen podiuma (3:22.206). Nahiz eta lehen mangan arazoak izan, Garikoitz Flores lakuntzarra izan zen sakandarrik azkarrena, bigarren mangarako ibilgailua konpondu ondoren. Laugarren denbora onena egin zuen lakuntzarrak (BRC, 03:24.221). Iker Palacios lakuntzarrak Speed Carra zuen prest probarako, baina arazoak izan zituen eta erretiratu egin behar zen. Garikoitz Goñi (Megane), Arkaitz Irigoien (R11 Turbo) eta Oier Larrañaga (AX GT) ere erretiratu egin behar izan ziren.


Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarra pilotu bezala aritu zen Urbasan. Urbasako bere lehen igoera osatu zuen olaztiarrak. “Beti antolakuntzan ibili naiz eta aurten pausua eman dut eta autoa alokatu dut Urbasan aritzeko. Egia esan, ez doa oso fin, ez dut gehiegi probatu eta kotxea gehiegi probatu gabe ateratzea ez da ere egokia, baina beno, probatzeko ez dago gaizki. Oso giro ona dago proban. Badirudi jendea ongi kokatu dela, segurtasun eremuetan, eta giro polita dago” zihoen goizean antolakuntza lanean murgilduta ibili zen olaztiarrak. Giro bikaina zegoela ere azpimarratu zuten gainontzeko pilotu sakandarrek. “Urtero giroa bikaina da eta aurten akaso, jende gehiago dago. Urbasako giroa etxekoa da, primerakoa” zioen Garikoitz Goñik. Pilotu etxeberriarrak ez zuen zorte handirik izan Megane kotxe berriarekin eta ezin izan zuen proba bukatu.

Bukaeran, sari ematean 4.000 euro dirutan eta trofeoak banatu ziren. Proba antolatzeko 100 boluntario baino gehiago aritu ziren lanean.


Segurtasuna eta garbiketa
Bezperatik jende andana bildu zen Urbasan. Errepidea ostiralean gaueko 22:00etan itxi zen eta ikusle askok bertan eman zuten gaua. Antolakuntzako jendea debekatutako tokietatik jendea kentzen aritu zen bezperatik eta jendeari toki altuagoetan jartzeko gonbitea egin zion. Bestalde, foruzainen presentzia nabaria izan zen probaren bezperatik. Ikusle asko gaupasa ederra eginda joan ziren proba jarraitzera, baina ez zen istilurik egon. Jendea automobilismoaz gozatzeko prest hurbildu zen Urbasara, edariak, janaria, aulkiak eta beharrezko tramankulu guztiak eramanez. Ildo honetan, guztia zegoen bezala uztea zen antolatzaileen beste erronka. Izan ere, Urbasa-Andia natur parkea da eta probaren ondoren guztia behar bezala gelditu beharra zuen, garbi eta txukun. Proba bukatu eta berehala guztia garbi uzteko lanak hasi ziren.