Garikoitz Flores bigarrena VI. Agiña Igoeran

Guaixe 2015ko aza. 4a, 12:42

Arkaitz Ordoki txapeldunarengatik segundo eskas batera sailkatu zen lakuntzarra. Garikoitz Goñi lehena izan zen bere mailan

Larunbatean VI. Agiña Igoera jokatu zen Lesakan. 53 ibilgailuk hartu zuten irteera, baina horietatik lauk proba utzi behar izan zuten. Pilotuek lehia estua izan zuten eta azkenean Arkaitz Ordoki (Silver Car) izan zen azkarrena Agiñako maldetan gora (2:41.232). Segundo eskas bat atera zion Garikoitz Flores lakuntzarrari (BRC, 2:42.556). Podiumean hirugarrena Fernando Egozkue izan zen (Silver Car, 2:46.397).

Gainontzeko pilotu sakandarrak ere ongi ibili ziren. Azkenaldian izandako arazo mekanikoak gainditu zituen Garikoitz Goñi etxeberriarrak eta 18.a sailkatu zen (Megane, 3:09.351), bere mailan lehenengoa. Andoni Lopez de Sabando 34.a sailkatu zen (BMW 320i, 3:20.908) eta Mikel Mendinueta 37.a (205 GTi, 3:22.613).